
Edukiaren hasiera
Egilea/k: Michelle Nielsen
‘Creando a Matisse: un sistema práctico para crear realidades’ (euskaraz, ‘Matisse sortzen: errealitateak sortzeko sistema praktikoa’) gizakiok geure bizitza eraikitzeko dugun ahalmenari buruz diharduen obra interesgarria da. Michelle Nielsen mediku kiropraktikoak iragan apirilaren 28an aurkeztu zuen bere liburua Donostian, Juan Alonso espezialista kiropraktikoarekin eskainitako ‘Nola lortu zure helburuak’ izenburupeko hitzaldian.
Atzerapen larria duen, neurologikoki kaltetua dagoen eta harremanetarako arazoak dituen haur baten sendatze prozesua bizitzen duen (lege izpiritual-kuantikoak tarteko) ama baten istorioa kontatzen du obrak. Idazlearen hitzetan, lan honek “prozesu sinple eta praktiko bat” azaltzen du, “zuretzat edo besteentzat desiratzen duzun izaera materialeko, emozionaleko, izpiritualeko edo helburu altruista duen edozein errealitate egi bilakatzeko erabil daitekeena”.
www.creandomatisse.com webgunean liburu honen gaineko informazio gehiago lor daiteke.
Egilea/k: Centro de Rehabilitación Laboral Nueva Vida - Madrid
Komiki honek Luis gaztearen istorioa kontatzen du, eskizofrenia diagnostikatzen diotenetik sendatzen den arte. Gaixotasunaren fase ezberdinak eta une bakoitzak eskatzen duen interbentzio motaren berri ematen du. www.proyectochamberlin.org webgunean irakur daitekeen lan hau Chamberlin proiektuaren ardatza da. Honen helburua da eskizofreniari buruzko eta gaur egungo tratamendu biopsikosozialen inguruko informazio baliagarria eskaintzea. Gainera, gaixotasunaren inguruan sortu diren topikoak deuseztatu nahi ditu eta estigma sozialaren aurka borrokatu berau sufritzen duten gazteei laguntzeko.
Madrilgo Nueva Vida Lan Errehabilitazio Zentroaren proiektua, FEDEAFESek gomendatzen duena, material didaktiko moduan osatua dago ikasgeletan erabilia izan dadin. Irakurketa maila anitzak eskaintzen ditu webguneak, komikiak aurkezten duen informazioaren osagarri direnak. Istorioan agertzen diren egoerei buruzko azalpen zabalagoa eskura daiteke, batetik, eta hainbat profesionalen, familiarren eta gaixotasuna dutenen esperientzia pertsonalak ezagutu, bestetik. Gainera, Chamberlin proiektuak zenbait jarduera proposatzen ditu eskoletako ikasleekin ulermena eta solidaritatea bezalako baloreak lantzeko.
Estatu mailan 400.000 pertsona inguruk bizi duten egoerarekin antzekotasunak izan ditzakeen Luisen istorio honek ikuspegi itxaropentsua adierazten du gaur egungo errehabilitazio, integrazio eta sendatze aukeren inguruan, asaldura hauek gaixoen eta senideen bizitzan duten eragin larria ahaztu gabe.
Hasiera oina
2012 © agifes.org