MEJOR RELATO EN EUSKARA: "Zuloak"

MariJoxe Azurtza Sorrondegi
Martes, 31 Enero, 2017

Nire begi ertzetik zeharka begiratzen zintudan beti, aurrez begiratu ezkero irrikaren-irrikaz gehiegi larritu, eztarri zuloa itxi eta arnas gabe geldituko nintzela beldur nintzelako, konortea galtzeko ikaraz. Maiteminez ninduzun, maitasun larrian.

Irrika zintudan! Gogo beroak ergelduta egunez eta zuhurki gauez.  Gaualdean, galtzetan eskua sartu eta patrika zulo hutsa aurkitzean, lurbiran den guztiarekin ernegatu eta biharamunean ez nuela zurekin nire aurrezki gehiago xahutuko hitz ematen nion nire buruari zuhurki... ai, baina, kupidoren geziak eragindako zuloa!!! biharamunean, komuneko ispilu aurrean bezperako maitemin-ajearen begi zuloak argi eta garbi nabarmenduta ere,  zoraizeak jo eta txolinki sorginduta, errez-errez gastatuko nuen berriz ere dirua zurekin. Zure lilurak nire buruari emandako hitza ufada batez urrunduko zuen... Eta ni, maitasun haize eroak astintzen zuen errota nintzen ni, zurekin nintzenean.
 
Orri bat hartu, zure ezpainak bertan margotu eta musua entseatzen aritzen nintzen ahal nuenetan bakarrik nintzenean, orain estuago, orain lausoago, gero zure ezpainak nireen artean sartuz... mingaina orriaren bestaldean zulo hutsean nabaritu arte. Paper zapore hori izaten nuen ordu pare batean goxatuko nuen txistua. Ummm, zer oroitzapen polita... buaj! Hura bai nazka! Papertxo zatiak mingainean itsatsita. Alajainkoa, zertara garamatzan maitasunak.
 
Horrek beste oroitzapen batera narama, zure sudurzuloko ileak erakusteko ausardia izan zenuen egunera. Egun horretan bertan, -hura kuxidadea!, badakit, bai- jakin nuen gorputzeko beste alde eta zirrikituetako ilea ere agerian utziko zenidala aurki noizbait eta adoretsu oheratu nintzen maindirepean. Norbaitek zugan horrela konfiatuko duela jakitea bestelakorik ez dago norberaren autoestimua ilargiraino jasotzeko eta nik gau horretan emakumeago sentitu nuen nire burua.
 
Haraino, ilargiraino eraman ninduzun ilargiko zuloei buruz hitz egin zenidan beste batean, gauerdiz, nik zure aurpegiko soslaia miresten nuen bitartean. Ilea kopetan behera zetorkizun eta nik eskuarekin orraztu nizun. Meteoritoen ekintzak omen dira kraterrak eta pentsa zenbat izango ziren ilargi azala horrela ikusterik bazen teleskopioz. “Guk hiru txulo ditugu” esan nuen ateraldi aparta zelakoan, oharkabean behatza zupatuz, “zer!” zuk zur eta lur eta zure aurpegia ulertu gabe “bai ba, Ondarreta, Kontxa eta Zurriola” erantsi nik. Zure barre algara eta katxondeo aurpegia ez dut sekula ahaztuko, denbora behar izan nuen zure erreakzioa osoki ulertzeko. Gau horretan, ordea, zure jakintzak eta ametsek liluratu ninduten ni.
 
Zu lo eta ni esna, horrela izan ginen mendi taldearekin elkarrekin pasa genuen lehen gauean, kobazulo hartan. Ezin nuen sinistu! Nik eszenario asko amestu nituen, baina hura ez zen fantasia haietako bat: bakoitza bere zaku-zuloan bakarrik eta gainera zu lo!! Halere, nire frustrazioak oroitzapenik ederrena utzi zidan nire begi ninietan zizelatua: zuk ametsetan nire izena esan izana. Berotu egin nintzen, ustekabean, eta gehiago berotzeko eginahalak egin banituen ere zaku barruan, negar isila ekarri zidan ordainetan bero-bero gorputzak, hunkidura eta poza purrustaka. Zu ote zinen bila nenbilena? Orduan jakin nuen nire buruak aurretik bazekiena: bata bestearentzat eginda geundela. Eta bai, zu zinela nire bihotzeko zorion zulo egilea.
 
Eta hala utzi zenidan bihotza, zuloz, zeruan baden San Sebastian Martiri patroiari erromatarrek egin bezala, neskalaguna aurkeztu zenidanean handik gutxira. Ni, sinesgaitz. Aho zuloa ireki nuen zerbait esateko eta... hitzik ez zen etorri eztarri zuloan gora. Aho zabal gelditu nintzen egun osorako,”oooo” forman. Su artifizialak ikusten eman nuela eguna zirudien, nik “oooo!” aho zuloa borobil irekita, ilunabar arte. Bihotz zulatua, honi buruz zerbait jakin zuen San Sebastian Martiri patroiari egin nion otoitz saminaren zulo ilunean gauez, “erruki zakizkit” nik, malkoz bustitako burkoan itxaropen zulatua, kontsolatzeko erregutuz.
 
Hondartzan, etsita, zuloak egiten ari nintzela gerturatu zintzaizkidan bakar-bakarrik ustekabean handik aldi batera. Egun hartan, negar malkoek zuri zizuten aurpegia zulatu. Neska batekin joan omen zen zure neskalagun ohia eta nahiko gizon ez ote zintzaizkion suertatu zure buruari galdezka. Edo gizonegia izan zintzaizkion. Ez nintzen maitemin haizeak zerabilkien haize errota jada, baina zure nahasmenak hunkitu ninduen: aho zuloa itxi eta isiltasuna eskaini nizun zure harrotasun urratuaren ukendu.
 
Tuneleko zuloan eman zenidan lehen musua, garondoa laztanduz ordutik zenbaitera. Euria ari zuen eta noiz ateriko zain geunden Miramar jauregi azpian. Zure paparrean etzan nuen burua lasai, eta zuk nirean; mundua mundu zenetik lehen aldiz denbora gelditu izan balitz bezala izan zen.
 
Elkarrentzako ginela argitu zela zirudienean... hego haizeak gogor jo eta bion artean tartea, hutsunea, zuloa... utzi nuen. Ihes egin nuen. Batek daki zeretik. Gerora jakin nuen: maitasunak nire maitemin zuloa estali zidala ikusi nuen zurekin eta ez nintzen horretara ohitua. Maitasunari egin nion ihes, ikaratu eta korrika hasi nintzen. Ez nengoen nire atsekabe zuloak zuri erakusteko prest, oraindik. Beldurrak zulatu ninduen eta alde egin nuen. Ahal nuen urrutien.  Atzerriak, desterruak eman zion nire ihesaldiari ongietorria. Zulo ilun baten argi-ezak eman zion ere ongietorria. Ez ninduenean zulo ilun hark otsotzar batek bezala betiko erantsi...
 
Egunak argitu, egunak ilundu... niretzat berdin. Grisa zen beti kolorea. Grisa bizitza. Grisa lana. Deabrurik ankerraren aho zuloan sartu banintz bezala zen, ilun-iluna zegoen nire burua. Nire ideiak. Nire pentsamenduak. Bizitzan denean asmatu nuela zirudienean etorri zen porrota, gainbehera. Euforiaren ondoren disforia. Iluna. Indar eza. Zuloa.
 
Egun batez deitu egin zenidan. Zer moduz nengoen galdetu eta nik negarrari eman nion, espero gabe. Sentimendu iluneko harlasta nintzen honek, zure ahotsa nengoen katakonbetako zuloan aire berri izan nuen, argi printza, kemen iturri. “Zatoz etxera” esan zenidan. Eta aspaldikoz, nire senari sinistu eta itzulerako bidaia hartu nuen. Ez genuen iritsitakoan elkar ikusi. Etxerakoan oraindik, ez nuen adorerik. Maindireak burdinazko manta bilakatzen ziren goizetan eta ohezulotik jaikitzeko egin behar nuen indar titanikoak indar gabe uzten ninduen gainontzerako.
 
“Zer duzu?” galdetu zenidan sofa alboan eseri zintzaizkidanean agurtzera etorri zinen egun batez. Nik sorbaldak igo nituen. “Maite zaitut” esan zenidan. Nik, aldiz, mozolo aurpegia, txakur goibel baten begirada. “Ez zaude ondo”. Ez, ez nengoen. Gailenduta nengoen. “Zurekin izango naiz” esan zenidala dut gogoan eta biharamunean, depresioan nintzela ikasi nuen sendagilearengana zurekin joan nintzenean.
 
Nintzen katakonba zulotik ateratzeko eskailera nirekin igo zenuen. Zu bai gizona! Denbora asko pasa nuen, pazientzia izan zenuen, baina pixkanaka kolore gehiago nabarmentzen hasi nintzen bizitzan eta igerileku zuloan, ur berotan, nire gorputzaren sentiberatasuna berreskuratzeari ekin nion. Lan aurretik joaten zinen nirekin igerilekura, egunero eta bertan, uretan, zulo hartan, ekin genion elkar itxaroteari. Alde batetik bestera igeri, bat iritsi eta bestea noiz iritsiko zen zain egoteari.
 
Nire zulo denak ezagutu nahi zenituela esan zenidan egun batez. Gorputzekoak eta bihotzekoak. Belarri zuloan xuxurlatu zenidan nirekin jarraitu nahi zenuela, zure mingainarekin ezpainetan kili-kili egin zenidan, begizulotik zetozkidan malkotxoei muxu eman zenien... eta nire nahigabe zuloei ohore egin nahi zeniela aitortu zenidan, nire beste zuloetan probatu baino lehen.
 
Zaku-zulo bakarrean lohartu genuen mendira joan ginen bigarren aldian. Kobazulo horretako hotzak beste zulo batzuk probatzeko gogoa kendu bazigun ere, ideiak argitu zizkigun eta sentimenduak zentzatu... gure behatzak eraztun zuloetan sartu genituen handik nahiko gutxira, eta elkarrekin egon nahi genuenaren baiezkoa izan zen biontzat. Proba beharreko zulo denak probatu genituen eta ditugu ordutik, zureak, nireak...
 
Lanari ekin nion: zulo bat han, zulo bat hemen... jostun bilakatu nintzen, zorioneko jostuna. Egiten nituen poltsa zuloetan ametsak gordetzen nituela esaten nion jendeari, patrika zuloetan dirua adina. Zulogilea nintzen, bizitzan pilatu nituen zuloak ulertzen lagunduko zidana. Depresio zuloa sakonena, zabalena, handiena. Depresio zuloa nire zuloetako bat betiko izango zela onartua nuenean, ondo sentitu nintzen. Itxaropentsu berriz, adoretsu. Gogotsu. Alta eman zidaten, nik ere ondo nabari nuen nire burua. Putzu ilun horren zulo-hondotik aterea nintzen zure laguntzarekin, laztana.
 
Hilobi zuloan hilotz izan bitartean ez dut zulo ilunean bizitu nahi, baina... zure bihotzean egidazu zulotxo bat, betiko izan dezadan atseden bertan, gaur eta orain dudan bezala.