Nortasun nahasmenduak

Horrelako nahasmenduren bat duen pertsonak jokabide, emozio eta pentsamendu eredu oso desberdina dauka bere kulturaren aurreikuspenekin alderatuta. Jokaera horiek zailtasunak eragiten dituzte harremanetan, lanean eta beste testuinguru batzuetan.

Kausak

Ez dira ezagutzen. Uste da faktore genetikoek eta ingurumenekoek gaixotasun horien garapenean eragina dutela.

Motak

Adituek ondorengo motetan sailkatzen dituzte nahasmendu horiek:

A Taldea: "Arraroak" edo "eszentrikoak"

  • Nortasunaren nahaste paranoidea: Zentzuzko arrazoirik gabeko mesfidantza, gehiegizkoa eta iraunkorra, sentitzen du pazienteak testuinguru anitzetan. Gainontzekoen intentzioak maltzurrak direla uste du. Pentsa dezake beste pertsonek beretaz aprobetxatu nahi dutela edo iruzur egin nahi diotela. Lagunen leialtasunari buruzko zalantzak dituzte, ez dira jendeaz fidatzen, gertakizunak deformatu egiten dituzte, gehiegizko gorrotoa sentitzen dute, eraso egiten diotela eta bikoteak desleialak direla susmatzen du.
  • Nortasunaren nahaste eskizoidea: harreman sozialetatik aldentzen dira eta ez dituzte euren emozioak agertzen. Ez dute harremanez ez familiaz gozatzen. Bakarkako jarduerak aukeratzen dituzte ia beti, eta oso ekintza gutxirekin gozatzen dute. Harreman sexualekiko interes eskasa daukate, gizarte-sare murritza dute, kritika eta gorespenekiko axolagabetasuna adierazten dute, eta emozionalki hotzak dirudite. 
  • Nortasunaren nahaste eskizotipikoa: Gabeziak dauzkate gizarte eta pertsona arteko harremanetan, kognizio eta pertzepzio arazoak dituzte eta modu "arraroan" jokatzen dute. Ezohiko sinesmenak edo pentsamendu magikoa izan ditzakete, baita ezohiko pertzepzio esperientziak ere. Lengoia "arraroa" erabil dezakete eta mesfidantza edo ideagintza paranoidea ager dezakete. Afektibitate ezegokia edo murritza  eduki dezakete, eta lagun falta eta antsietate soziala senti dezakete beldur paranoideak direla eta.

B Taldea: "Dramatikoak", "sentiberak" edo "ezengonkorrak"

  • Nortasun antisozialaren nahasmendua: Nerabezaroan sortu ohi da nahaste hau, 15 urteetatik aurrera, baina posible da gazteagoa izanik ere sintomak agertzea. Nahasmendu hau duen pertsonak gainontzekoen eskubideak mespretxatu eta hausten ditu. Ez da arau sozialetara egokitzen, lizuntasunez eta oldarkeriaz jokatzen du eta ez dauka etorkizuna planifikatzeko gaitasunik. Suminkortasunez eta erasokortasunez jokatzen du; ez zaio axola norbere edo ingurukoen segurtasuna, ardura eza dauka eta ez du alhadurarik sentitzen. Nahaste antosoziala diagnostikatzeko gutxienez 18 urte eduki behar ditu pertsonak.
  • Mugako nortasun-nahasmendua (ezegonkortasun emozionala): ezegonkortasuna harremanetan, autoirudian eta afektibotasunean, eta oldarkeria nabarmena testuinguru anitzetan. Esfortzu frenetikoak egin ditzake egiazko edo imajinatutako abandonu bat ekiditeko. Harreman pertsonalak ezegonkorrak eta intentsitate handikoak izaten dira. Nortasuna asaldatua edukitzen du pertsonak eta gorabehera handiak izaten ditu. Neurririk gabeko gastuak eta sexua izan ditzake eta oldarkeria handiz aritu daiteke drogak kontsumitzen, gidatzen edo jaten. Buruaz beste egiteko saiakerak edo mehatxuak egin ditzake eta bere burua zauri dezake. Hutsune sentimendu kronikoa, neurriz kanpoko haserrea edo berau kontrolatzeko zailtasunak; behin behineko ideiagintza paranoidea estres egoeretan eta disoziazio sintoma larriak ere ager daitezke. 
  • Nortasunaren nahasmendu histrionikoa: gehiegizko hunkiberatasuna eta arreta bereganatzeko beharra. Ez dira eroso sentitzen arreta guztia bereganatzen ez duten egoeretan. Besteekiko harremanetan jarrera seduktorea edo probokatzailea azaltzen dute; Adierazpen emozionala oso azalekoa, aldakorra eta exajeratua izaten da. Fisikoa erabiltzen dute arreta erakartzeko; hitz egiteko modu subjektiboa daukate eta ñabardura gabekoa. Erraz sugestionatu daitezke eta euren harreman intimoak ez dira haiek uste bezain sakonak.
  • Nortasunaren nahaste nartzisista: handikeria, miretsia izateko beharra eta enpatia falta testuinguru anitzetan. Hortaz, norbera oso garrantzitsua delako ustea dago; "berezia" eta bakarra dela uste du nahastea daukan pertsonak. Harremanetan harroa eta esplotatzaileak izan daiteke. Ez dauka enpatiarik, bekaizkeria azaltzen du edo besteek inbiria diotela uste dezake, eta harroputz moduan jokatzen du. 

C Taldea: Antsietate handia daukatenak edo "beldurtiak"

  • Sahieste-nahiak eragindako nortasun-nahasmendua: inhibizio soziala, gutxiago izatearen sentimendua, ebaluaketa negatiboekiko gehiegizko sentsibilitatea. Harremanetan oinarritutako lanak edo jarduerak ekidin ditzakete kritikak eta bazterketa saihesteko. Jendearekin inplikatzeko errezeloa daukate; harreman intimoetan erreprimitu egiten dira lotsatuak ez izateko eta harreman berrietan inhibitu egiten dira gutxiagotasun sentimenduengatik. Sozialki ezgaitzat jo dezakete euren burua eta uko egiten diote arrisku pertsonalak hartzeari edo jarduera berrietan inplikatzeari. 
  • Menpekotasunagatiko nortasun-nahasmendua: euren burua beste batzuek zain dezaten behar izaten dute. Otzantasunez jokatzen dute eta banantzea agertzen den egoeretan beldurra izaten dute. Eguneroko erabakiak hartzeko zailtasunak dituzte eta besteek euren ardurak har ditzaten behar dute. Ezadostasunak oso gutxitan adierazten dituzte eta ez dituzte proiektu berriak hasten. Eginkizun ezatseginak gauzatzeko boluntario gisa aurkez dezakete euren burua besteen babesa lortzeko desirak bultzatuta. Bakarrik egoteak ezeroso sentiarazten die eta, hortaz, zainduko dioten pertsonak bilatzen dituzte eta abandonatuak izateko beldurra azaltzen dute.
  • Nahaste obsesibo-konpultsiboa: Ordenarekiko kezka handia daukate. Gehiegizko perfekzionismoa daukate eta euren burua eta harremanak kontrolatzeko beharra . Horrela, malgutasuna, naturaltasuna eta eraginkortasuna galtzen dute egoera anitzetan. Xehetasunekiko, arauekiko, zerrendekiko eta abarrekiko kezka daukate, eta helburu nagusia ahantz dezakete. Perfekzionismoaren ondorioz, lanak amaitzeko zailtasunak dituzte. Lanean gehiegi murgiltzen dira eta aisialdiko ekintzak eta lagunak alboratu egiten dituzte. Zereginak beste pertsona batzuen esku uzteko zailtasunak dituzte. Burugogorrak eta kezkatiak dira. Erabilitako objektuak edo jada erabilgarriak ez direnak botatzeari uko egiten diote. Zekenkeria, zurruntasuna eta egoskorkeria ere ezaugarri nabarmenak dira. 
  • Espezifikatu gabeko nortasun-nahastea: nahasmendu espezifikoren baten irizpideak betetzen ez dituzten nahasteak. Adibidez, kasu batzuetan hainbat nahaste espezifikoren ezaugarriak agertzen dira batera, baina ez dituzte bakar baten irizpide osoak betetzen (nortasun mistoa). Sailkapen honen kanpo dagoen nahasmenduren bat dagoela uste denean ere erabili ohi da termino hori (adibidez, nortasunaren nahasmendu depresiboaren edo nortasunaren nahaste pasibo-agresiboaren kasuan).

Sintomak

  • Sintomak oso ezberdinak izan daitezke nahaste batetik bestera.
  • Orokorrean, nortasun nahasmenduen eraginez, testuinguru anitzetara egokitzen ez diren sentimendu, pentsamendu eta jokabideak agertzen dira.
  • Normalean nerabezaroan hasten dira eta lan edo gizarte egoeretan arazoak ekar ditzakete. 
  • Nahasmendu horiek arinak edo larriak izan daitezke. 
  • Aurreikuspenak (pronostikoa): Aldakorrak dira. Nahaste batzuek nabarmen egiten dute hobera heldutasun prozesuarekin eta tratamendurik gabe; beste kasu batzuetan, aldiz, oso pixkanaka eboluzionatzen dute eta tratamendua behar izaten dute.
  • Gerta daitezkeen konplikazioak
    • Harremanetan arazoak
    • Arazoak lanean edo eskolan
    • Beste nahasmendu batzuk sor daitezke