«13 urte pasa nituen nahasmendu bipolarra onartu arte»

 

Gogorra da buru gaixotasuna onartzea. Agifeseko erabiltzaile den Mikel Merinori 13 urte kosta zitzaion jendearekin bere buru nahasmenduari buruz hitz egitea. Hala ere, behin hitz egiteko erabakia hartuta, bere arazo eta beldurren inguruan aritzea oso lagungarria egin zitzaiola dio Mikelek.

Hasieran, diagnostikoa ez zuen batere ondo hartu, inongo azalpenik gabe kanpotik ezarritako etiketa moduan bizi izan zuelako: “ero bezala tratatzen nindutela sentitzen nuen eta nik ez nuen nire burua horrela ikusten”. Denborarekin onartu egin zuen eta laguntzataldeen abantailak defendatzen ditu orain: “estrategiak eskuratzeko aukera ematen dizu zure antzeko esperientzia bizi duten pertsonekin biltzeak".
 
Bere familiak egoera naturaltasunez darama eta, horri esker, Mikelek bizitza “normala” egin dezake. Agifesek ere zentzu horretan lagundu dio, indibidualki nahiz taldean komunikatzea eta harremanak eraikitzea ahalbidetu baitio. Elkarteak senideei emandako aholkularitza-zerbitzua ere eskertu du Mikelek, eta buru gaixotasuna duten pertsonak Agifesera gerturatzera animatu ditu.
 
Etorkizuneko erronkei begira, nahasmendu mentala duten pertsonei laguntza emateko helburuarekin, buru osasunaren inguruko masterra ikasten ari da Mikel.