«Errekuperatzeko aukera badago, zergatik ez luzatu mezu baikorragoa buru nahasmendua dutenei, senideei eta gizarteari?»

Verónica Pazos Agifeseko gizartelangileak eta elkarrekiko laguntzaprogramaren eragile Mikel Merinok bizi-kalitatea hobetzeko gakoak eskaini zituzten Irunen pasa den otsailaren 28anHogeita hamar pertsona inguru batu zituen mahai-inguruan, hizlariek bizi-kalitatea zer den deskribatu zuten, Schalock eta Verdugo psikologoen sailkapenean oinarrituz, eta gaineratu zuten ahalik eta bizi-kalitate onena eta “normalizatuena” lortzeko bizitzako eremu guztiak landu behar direla.
 
Garapen pertsonala eta autonomia lantzea ezinbestekotzat jo zuten hizlariek pertsonaren ahalduntzea bultzatu eta bere bizitzaren norabidea erabakitzeko indarra emate aldera. Zentzu horretan, senideek gehiegizko babesa eman ohi dutela aitortu zuten Verónicak eta Mikelek, eta “buruko osasun arazoa dutenei euren bidea egiten eta erabakiak hartzen uztea garrantzitsua” dela nabarmendu zuten.
 
Mugak jartzearen eta batzuetan zorrotz jokatzearen garrantziaz aritu ziren hizlariak, beti ere bere neurrian; eta senide bezala norbere burua zaintzen jakitea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten: buru nahasmendua duen pertsonak eragindako emozio korapiloa kudeatzen ikastea eta egun osoa zaintzaile lanetan ez aritzea gomendatu zuten, baizik eta kalera irten eta norbere bizitza edukitzea, besteak beste.
 
Zentzu horretan, Agifeseko senideentzako laguntza-taldeetan parte hartzeak “biktima paperetik atera eta besteekin berdintasun harremana eraikitzera” eramaten gaituela gaineratu zuten hizlariek. Verónica Pazosek honela definitu zituen familiartekoentzako laguntza-taldeak: “Egunerokotasunari aurre egiten eta senideari laguntzen ikasteko eta, bakarrik egon ordez, kolektibo baten parte izateko aukera ematen duten guneak dira”.
 
Hala ere, senide-taldeak eta buruko osasun arazoa duten pertsonei zuzendutako taldeak beste zerbitzu eta baliabideekin bateratzea mesedegarria dela jakinarazi zuten hizlariek; esate baterako, norbere burua eta nahasmendua hobeto ezagutzeko aukera ematen duen terapia indibidualarekin. Elkarteko gizarte-langileak nabarmendu zuen Agifesek bizi-kalitatea lortzeko landu beharreko eremu guztiak zaintzen dituela, hainbat zerbitzu eta baliabideren bitartez: banakako terapia, aisialdi-programak, komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza psikosozialeko programa, tutoretzapeko etxebizitzak, Karabeleko ekonekazaritza etxaldea, eta abar.
 
Bestalde, egun Agifesen lanean diharduen eta duela urte batzuk elkarteko erabiltzaile zen Mikel Merinok nahasmendu bipolarra duten pertsonei zuzendutako laguntza-taldeetan bizitako esperientzia partekatu zuen. Mikelek bere arazoaren neurria antzeman ahal izan zuen taldean eta bere egoera besteenarekin alderatzeak on egin zion. “Taldeko lagun batzuek buru osasuna berreskuratu bazuten, nik zergatik ez? Eta errekuperatzeko aukera badago, zergatik ez luzatu mezu baikorragoa buruko osasun arazoa dutenei, senideei eta gizarteari?” Mezu positiboagoa zabaltzea eta buru gaixotasunei buruz naturaltasunez hitz egitea helburu, osasun mentalaren arloan lanean hasi zen Mikel.
 

Elkarrekiko laguntza-programa

Buruko osasun arazoa izan duen pertsona gidari moduan eta eragile paperean, elkarrekiko laguntza-programak berdintasuneko eta epairik gabeko espazioa sortzen du buruko gaitza kontrolpean duen pertsonaren eta ondoez psikikoa pairatzen ari denaren artean. Andaluzian elkarrekiko laguntza-programaren eragile izateko prestakuntza jaso zuen Mikelek eta, bueltan, ikasitakoa praktikan jarri du Agifesen, proiektuan parte hartu nahi izan duten pertsonekin.
 
Saioak 45-60 minutukoak dira eta 8-12 inguru burutzen dira erabiltzaile bakoitzarekineuren beharren arabera. Bertan, eragileak eta buruko osasun arazoa duen pertsonak euren esperientziak partekatzen dituzte, eta parekidetasun harreman horretan askatasunez hitz egin ahal izateak buruko gaitza duen pertsonaren ahalduntzea eta errekuperazioa sustatzen du, “zentzuzko bizi-proiektua berreskuratzen laguntzen baitio”. Izan ere, gaitasun pertsonalak bultzatu eta autoestigma gainditzeko lan egiten da saio horietan; “agerian uzten da norbere mugak bakoitzaren gaitasunek ezartzen dituztela, eta ez gaixotasunak edo gizarteak jarritako oztopoek”.