«Garrantzitsua da senidearen balioa eta bertuteak azpimarratzea, eta sermoirik ez botatzea»

 

Buru gaixotasuna duten pertsonen anaia-arrebei zuzendutako taldeetako baten partaide da Jeronimo Iztueta, beste dozena bat pertsonarekin batera. Donostiako Agifeseko egoitzan biltzen dira hamabost egunetik behin elkarri entzun eta bata bestearen esperientzia partekatzeko, elkarteko psikologo baten laguntzaz.

Noiz hasi zinen Agifesen eta zerk bultzatu zintuen pauso hori ematera?

Duela hiru urte gerturatu ginen elkartera. 61 urteko anai gazteena diagnostikatu gabe zegoen, baina arazoren bat zuela ikusten genuen. Egun batean, beroaldi handia izan zuen lanean eta bere onetik atera zen. Denbora luzez atzeratutako erabakia hartu genuen orduan: anaiari arazoa zuela planteatu eta guregan konfiantza izatea eskatu genion anai-arrebok. Hasieran, jarrera ezkorra izan zuen, baina denborarekin eta psikiatraren diagnostikoa eta tratamendua abiapuntutzat hartuz, portaera hobetuz joan zen. Testuinguru horretan hasi ginen lagunduko gintuen elkarte baten bila, eta honela aurkitu genuen Agifes.

Zein dinamika egiten dituzue taldean eta zer ekarpen nabarmenduko zenituzke?

Taldean izaten den hartu-emana eta besteen egoeraren berri izatea azpimarratuko nituzke. Besteengandik asko ikas daiteke: bakoitzak bere kasuari buruz esateko duena entzun eta egoera zailei zein irtenbide ematen dien ikusi. Bestalde, hizketaldi hauek gidatzen dituen psikologoaren papera ere nabarmenduko nuke, baita eztabaidarako ekartzen dizkiguten bideo eta materialak ere, gaixotasunaren ezaugarriak ikasteko aukera ematen baitute.

Ikasitakoa anaiarekin praktikara eraman ahal izaten duzu?

Bai, taldean ikasitakoak badu aplikazio praktikoa, baina norberaren mugekin eta akatsekin. Horregatik da hain lagungarria besteei entzun eta euren esperientziaz ikastea. Horrek zuhurrago bihurtu, gogoetara gonbidatu eta arazoak kudeatzeko momentu eta era egokia bilatzera eramaten zaitu.

Zein aholku emango zenieke egoera berean dauden senideei?

Elkarteetara gerturatzera animatuko nituzke, taldeetara etortzera. Horrek ez du inoiz kalterik egiten eta onuragarria izaten da maiz. Agifesek baditu senidearentzat oso positiboak diren zerbitzuak. Adibidez, elkarteak baditu buru gaixotasuna duen pertsonaren etxera joaten diren hezitzaileak. Profesional horiek pertsonaren bertuteak indartzen dituzte, eta egunerokotasunean independente izan daitezela bultzatzen dute. Horrek erabiltzaileen pasibotasuna gainditzen laguntzen du, diziplina eta errutina sustatzen ditu eta autoestimua indartzen du nabarmen.

Zein dira buru osasun arazoa duen pertsona bati laguntzeko gakoak?

Normalean ez ditugu hasieratik jakiten, baina badaude oso aholku garrantzitsuak: sermoirik ez botatzea, berak duen balioa eta bere bertuteak azpimarratzea edo ez haserretzea izango lirateke garbienak. Izan ere, gaixo dagoenak ez du erantzukizunik bere egoeran. Nire ustez, egoera onartzea da funtsezkoena: ez gaitzala ustekabean harrapatu eta, behin egoera onartuta, ahal bezain ongien jokatzea.

Askotan antzematen da gaixotasuna duen pertsona gehiegi babestearekiko edota paternalismoarekiko joera. Zer egin daiteke horri aurre egiteko?

Egia da, askotan gertatzen da. Gurasoen rolean sartzeko arriskua dugu anaia-arrebok, eta gurasoek hartzen duten gehiegi babesteko jarrerak ezintasuna sortzen du askotan eta atzera egitearen mehatxua dakar. Izan ere, paternalismoarekin senidearen autonomia mugatu liteke eta berezkoa duen joera pasiboa indartu. Horregatik, taldeak mailaka bereiztearen ideia oso ona dela iruditzen zait: alde batetik, gurasoen taldea eta, beste batetik, anaiarrebena. Rolak desberdindu behar dira bakoitzak bere arduretatik eta kokalekutik lan egin dezan senidearekin.