‘Shine’ filmak itxiko du Zarauzko 'Zinema eta Buru Osasuna' zineforum zikloa eskizofreniaren inguruko hausnarketarekin

 
Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren azken saioa datorren asteartean, maiatzaren 30ean, proiektatuko da Zarautzen. Eskizofreniaren inguruko gogoeta egiten duen ‘Shine’ filma ikusteko aukera izango da bertan, David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioa. Pelikula australiarraren protagonista den Geoffrey Rushek aktore onenaren Oscarra jaso zuen egindako lan bikainarengatik. Filmak Helfgotten bizitza gogorra eta musikarako zuen talentua kontatzen digu. Pianoa izugarri maite du protagonistak, baina aitaren gaitzespenak eta lanak eragindako presioak nahasmendu eskizofreniko eta antisoziala garatzera eramaten dute. Proiekzioaren ondoren, Agifeseko sentsibilizazio batzordeko kideek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.
 
'Berdingabea zara' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak gertutik ezagutzea eta kolektiboaren gizarte-babesa sustatzea. Maiatzaren 9an ‘Elling’ pelikularekin hasi zen zineforum zikloak ‘Love & Mercy’ eta ‘El lado bueno de las cosas’ proiektatu zituen ondorengo emanaldietan. Hilaren 30ean, ‘Shine’ ekoizpenak itxiko du egitasmoa 19:00etan, Zarauzko Modelo zinema aretoan. Sarrera doakoa izango da eserlekuak agortu arte.