Agifes, Miradas Sarietan finalista, buru nahasmenduen estigmaren aurka egindako lanarengatik

Agifes finalista izan da Manantial Fundazioak ematen duen Miradas Sarietan, ‘Berdingabea zara’ gizarte-sentsibilizazio kanpainari esker. Bi urtean behin banatutako saria hamargarren urtez banatu da eta nazioarteko berrogeita hamar erakunde ingururen proiektuak izan dira hautagai. Buru osasunaren arloan erakundeek, profesionalek, komunikabideek nahiz ikerketa-proiektuek kolektiboaren bizi-kalitatea hobetzeko, laneratzea sustatzeko zein estigma edo diskriminazioa ezabatzeko egindako lana aintzat hartzen duen golardoa apirilaren 25ean eman da Madrilgo Caixa Forum auditoriumean, eta bertan izan dira Agifeseko ordezkariak, euren lana nabarmentzen duen diploma eta 1.000 euroko diru-saria jasotzeko.
 
Buru gaixotasun larria duten pertsonen arreta integrala helburu duen Madrilgo erakundeak Juan José Millás idazlea saritu du, ‘Hoy por hoy’ programan buru osasunaren inguruan egindako saioarengatik. Agifesen kanpaina, berriz, finalista moduan sailkatu da, eskoletan sentsibilizazio lana egiten duen ‘Los perro verde’ kolektibo nafarrarekin batera. Agifeseko kide Rosalía Sánchez Cigandak eta Álvaro Solanok aintzatespena eta diru-saria eskertu dute, eta ‘Berdingabea zara’ kanpainaren helburua “buru osasuna hobeto uler dadin lan egiten duen jendeari eskerrak ematea” dela nabarmendu dute. 
 
Agifesek 2017an martxan jarritako ‘Berdingabea zara’ gizarte-sentsibilizazio kanpainak buru osasunaren kolektiboari ateak irekitzen dizkietenei eskerrak ematea du helburu, baita buru nahasmendua duten pertsonek lanean zein gizartean egiten duten ekarpena azpimarratzea ere. 2018 urtean zehar burutzen ari den proiektu honek jarduera ugari biltzen ditu: hitzaldiak, jardunaldiak, lehiaketak eta bideoak, besteak beste.