Agifesek 30. urteurrena ospatu du Subijana epaileak eta Setien gotzain emerituak buru osasunaren alde egindako ekarpena sarituz

 
 
Buruko osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako Elkarteak (Agifes) 30. urteurrena ospatu du gaur Donostian, eta omenaldia egin die elkarteari bultzada eman dioten pertsonei; besteak beste, Iñaki Subijana Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko presidenteari, Jose María Setien Donostiako gotzain emerituari, eta Agifeseko lehenetariko bazkide den Nieves Alustizari. 
 
Agifeseko presidente Vicente Aretak administrazioei eskatu die baliabide eta zerbitzu gehiago sortzeko, nahasmendu psikikoa duten pertsonei arreta hobea eman ahal izateko. Gainera, 30 urteotako lorpenak lorpen, azpimarratu du oraindik "ibilbide luzea" falta dela "sentsibilizazioaren eta buruko nahasmendua duten pertsonen gizarteratze normalizatuaren alorretan". 
 
Kolektiboaren bizi-kalitatea hobetze aldera, elkarteak burututako lanaren balantzea egin du Aretak. Agifesen hasierako urratsak gogoratu ditu, desinformazioa eta baliabide gabezia nagusi ziren garaiak, eta orduz geroztik erdietsitakoa nabarmendu du. Egindako lanari esker, "Agifes erreferentziazko entitate bilakatu da buru osasunaren arloan", baieztatu du. 
 
Pertsona erdigunean jartzen duen esku-hartze metodologiaren aldeko apustua defendatu du Aretak. Izan ere, Agifesek errekuperazio prozesuan laguntzen die buruko osasun arazoa duten pertsonei, euren autonomia eta gaitasunak bultzatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa bereziki eskertu du Aretak, baita Gipuzkoako udalena ere. Eusko Jaurlaritzaren, Ausolanen, Oronaren, Laboral Kutxaren, La Caixaren eta Kutxa Fundazioaren laguntza ere eskertu du.
 

Omenduak

Donostiako Andia aretoan egindako ekitaldian, azken hiru hamarkadetan buru osasunaren arloan emandako aurrerapausoak errepasatu dituzte. Zehazki, nahasmendu psikiko larria zuten pertsonek 1985. urtean eskuratu zuten tratamendua komunitatean bertan jasotzeko eskubidea, eta ez gizartetik isolatuta ordura arte egiten zen bezala. Ekitaldian, Agifesen iragana eta oraina hiru bideotan irudikatu dituzte, eta hainbat pertsonak euren esperientzia partekatu dute.
 
Omenaldien momentuan, Agifesek Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko presidente Iñaki Subijanaren sentsibilitatea nabarmendu du, buruko gaixotasuna duten pertsonen eskubideak bermatu eta ikuspegi humanista bilatu dituelako buru osasun arazoak tarteko diren kasuetan. Saria jaso ostean, Subijanak elkarteari eskerrak eman dizkio besteei “laguntzen lagundu” eta kolektiboa ulertzen irakatsi diolako. "Ez dago ondokoa laguntzea baino gauza esanguratsuagorik gizakiarentzat”, gaineratu du. 
 
Halaber, Jose Mari Irazusta Agifeseko presidenteordeak Nieves Alustizaren parte-hartze aktiboa txalotu du, erakundearen hasierako urteetan, buru gaixotasuna zuten pertsonen eta haien senideen egoera oso zaila zenean, buru-belarri inplikatu zelako. Era berean, elkarteak Donostiako gotzain emeritu José María Setieni eskerrak eman nahi izan dizkio, Agifesek zerbitzua eskaintzeko oinarrizko baliabiderik ez zuenean lokalak bere eskura jarriz laguntza handia eskaintzeagatik.
 
Ekitaldian entzundako bizipenen artean, aipagarria da buru gaixotasuna duen pertsona baten arrebak ezagutarazitakoa. "Prozesu terapeutiko oso luzea" izan duela jakinarazi du, eta bere anaiari laguntzeko hasi zuen terapiak "pertsonalki asko aberastu duela" aitortu du. Gainera, bere senidearen autonomia eta gaitasunak bultzatzen ikasi behar izan duela adierazi du, eta baita "pertsona heldutik pertsona heldura" hitz egiten ere.
 
Agifeseko senide eta zuzendaritza-batzordeko kide den Rosalía Sánchezek eman dio amaiera ekitaldiari, Agifeseko langileei eskerrak emanez: "Elkartearen eragileak dira, dudarik gabe". Zehazki, buru gaixotasuna duten pertsonen "ahalmenak" azpimarratzearen estrategia goraipatu du; izan ere, elkarteko lantalde teknikoak argi du sintomak bigarren mailako garrantzia dutela, eta pertsona dagoela horien aurretik, bere osotasunean.
 

Hiru hamarkada elkarlanean

Estatuko gainontzeko elkarteen modura, eroetxeei amaiera ematen zien erreforma psikiatrikoarekin batera jaio zen Agifes. Zentro horien desagerpenak, ordea, argi utzi zuen kolektiboari babesa emateko behar ziren baliabideak urriak zirela. Horren ondorioz, familiak batu egin ziren euren eskubideak defendatu eta konponbideak bilatzeko.
 
Ia 1.000 bazkide bildu ditu elkarteak azken hogeita hamar urteotan, eta asko ugaritu dira eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabideak. Agifesek doaneko informazioa eta aholkularitza eskaintzen die buru osasun arazoak dituztenei, baita horien senide eta zaintzaileei ere. Gainera, beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte; besteak beste, errehabilitazio psikosozialerako hiru zentro, bederatzi tutoretzapeko etxebizitza, erabiltzaileei eta senideei zuzendutako 14 laguntza-talde, aisialdirako eta denbora librerako programak, etxez etxeko arreta psikohezigarriko programa eta laguntza psikologiko indibiduala. Modu berean, Karabeleko nekazaritza etxaldea bultzatzen dute, Agifeseko hogeita hamar bat erabiltzaileren parte-hartzearekin.