Agifesek bertso saioa antolatu du Andoainen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira

Agifesek, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, bertso saioa antolatu du Andoainen urtero urriaren 10an ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Buru Osasunaren Aldeko II. Bertso Saioa nazioarteko ospakizunaren hurrengo egunean izango da, urriaren 11n, 20:00etan, Andoaingo Bastero Kulturgunean.  
 
Sarreraren prezioa 7 eurokoa da eta etekin guztiak buruko osasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko izango dira. Kutxabanken eta Agifeseko egoitzan erosi ahal izango dira sarrerak, goizez eta arratsaldez astelehenetik ostegunera, eta goizez soilik ostiraletan. 
 
'Berdingabea zara' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimenaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Saioan goi mailako bost bertsolarik parte hartuko dute: Sustrai Colina, Alaia Martin, Amets Arzallus, Jon Maia eta Aitor Mendiluze. Unai Elizasu izango da gai-jartzailea.