Agifesek depresioari buruzko hitzaldia eskainiko du Zumarragan, eta elkartekide baten bizipenak ezagutzeko aukera izango da

  • Izenburua: Depresioa daukat: Hitz egin dezagun
  • Eguna: ekainak 21, asteartea
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Zelai Aristi kultur etxea, Zumarraga
  • Hizlaria: Maider Gorostidi, Agifeseko psikologoa

     

Ekainaren 21ean, depresioari buruzko solasaldia egingo da Zumarragan, Maider Gorostidi Agifeseko psikologoaren eskutik. Bertan, nahasmendu horrek egunerokotasunean duen eraginaz hitz egingo da, eta gipuzkoar elkarteko kide batek bere bizipenen berri emango du. Saioa Zumarragako Zelai Aristi kultur etxean izango da, arratsaldeko 18:30etik aurrera.

Psikologoak depresioa deskribatuko du, baita nahasmendu hori duen pertsona batek zein zainketa behar dituen azaldu ere. Osakidetzaren datuen arabera, 10 pertsonatik batek gutxienez depresio-gertakari bat izango du bizitzan zehar. Pertsona horien % 40k ez die profesionalei kontsultarik egiten, ezjakintasunagatik edo beldurragatik. Gorostidik azpimarratu duenez, “pertsonaren egoera hobetu daiteke laguntza eskatzen den momentuan, norberak nahi duen bizitzaz gozatzera heltzeraino”.

Topaketari amaiera emateko, Marta Martinezek depresioarekin izandako esperientzia kontatuko du, eta Agifesek eskainitako baliabideek errekuperazio-prozesuan nola lagundu dioten ere azalduko du.