Agifesek fobia soziala eta bestelako buru nahasmenduak aztertuko ditu Eibarko 'Zinema eta Buru Osasuna' zineforum zikloan

Maiatzaren 16an, astelehena, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren bigarren filma proiektatuko da Eibarren, 19:30ean Coliseo antzokian. Petter Naess-ek zuzenduriko ‘Elling’ pelikula norvegiarren inguruko saio horretan fobia soziala eta bestelako buru nahasmenduak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek. Filmak, era atseginean eta baita errealistan ere, buru gaixotasuna duten pertsonek komunitatean integratzeko egin beharrekoari buruzko ikuspuntu berria azaltzen du. Pelikulako bi protagonistek ezagutzera ematen dituzte bizitzen ari diren garai berri horrek dakartzan zailtasunak. Proiekzioaren ondoren, Carmen Clemente psikologoak gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

 
'Mintzatuz osatu' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. Maiatzaren 9an hasi zen zineforum zikloak beste bi saio izango ditu hilaren 23an eta 30ean, Eibarko Coliseo zinemako 1. aretoan, 19.30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan edo Agifesek Donostian duen egoitzan.
 
David O. Russell zuzendariaren 'El lado bueno de las cosas'  komedia dramatikoak, Oscars sarietarako zortzi nominazio jaso zituenak, eman zion hasiera ekimenari. Lehen saioan bi buru nahasmendu aztertu ziren: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Hilaren 16ko proiekzioaren ondoren, maiatzaren 23an, Joe Wright-en ‘El Solista’ eskainiko da. Pelikula horrek eskizofrenia duen biolontxelo-jotzaile baten bizitza kontatzen du, eta benetako istorio batean oinarritua dago. Zikloa ‘Shine’ film australiarrak itxiko du maiatzaren 30ean, eskizofrenia izan zuen David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioak, hain zuzen.