Agifesek haur eta gazteen buru osasunari arreta emateko beharra azpimarratu du, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira

 

  • Gipuzkoako elkarteak proiektu pilotu bat abiarazi du buru osasuneko dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzeko bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat diseinatzen, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta.
  • Agifeseko presidente Vicente Aretak azpimarratu du beharrezkoa dela “haurren eta gazteen osasun mentalari espezifikoki heltzea, haientzat egokitutako baliabideak eskaini ahal izateko”. Gainera, “zerbitzu publikoetan psikiatra eta psikologo nahikorik ez” dagoela deitoratu eta buru osasunarekin loturiko arreta-eskaera gero eta handiagoa dela jakinarazi du.
  • Elkarteko erabiltzaile eta profesionalak Tabakaleran elkartu dira gaur, urriak 8, osasun mentalaren prebentzioa eta zainketa aldarrikatzeko eta buru osasun arazoen inguruko estigma salatzeko.
 
Agifesek, buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, bat egiten du urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzekin, eta aurten haurren eta gazteen osasun mentala azpimarratu du. Buru-nahasmenduak nerabezaroan sortzen dira, batik bat, eta gero eta adin txikiagoetan antzematen ari dira. Hori dela eta, Gipuzkoako elkartearen ustez, funtsezkoa da gazteenei arreta hobea eskaintzea. 
 
Agifeseko presidente Vicente Aretak deitoratu du “zerbitzu publikoetan psikiatra eta psikologo nahikorik ez” dagoela, eta buru osasunarekin loturiko arreta-eskaera gero eta handiagoa dela jakinarazi du. Gainera, datu aipagarria da haur eta gazteen psikiatria ez dela Estatuan espezialitate gisa aitortu uda honetara arte, eta “gaian espezializatu nahi zuten profesionalek atzerrian egin behar izan dutela orain arte”, gehitu du Aretak.
 
Gipuzkoako elkartearen arduradunak azpimarratu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin garatutako lankidetza estua, buru osasunaren arretari dagokionean, baina aitortu du beharrezkoa dela “haurren eta gazteen osasun mentalari espezifikoki heltzea, haientzat egokitutako baliabideak eskaintze aldera”. Egia da Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-zorroak 18 eta 65 urte bitarteko helduentzako baliabide eta programa ugari biltzen dituela, baina “ezin ditugu modu berean artatu kronikotasun-maila jakin bat duen pertsona bat edo buru osasuneko arazo baten lehen sintomak dituen nerabe bat”, Agifeseko presidentearen esanetan. 
 
Bestalde, Aretak adierazi du familientzako laguntzetan inbertitu behar dela, haiek baitira mendekotasuna duten senitartekoak zaintzeaz arduratzen den “erakunde nagusia”. Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak behar dituztela aldarrikatu du, euren eginkizunari behar bezala eutsi ahal izateko.
 
GAZTEEKIN ESKU HARTZEKO LAN-LERRO BERRIA AGIFESEN
Orain arte, Agifesek kronikotasun-maila handieneko helduak artatu ditu, batik bat, baina haurren eta gazteen arreta-eskaerari erantzuteko, proiektu pilotu bat abiarazi du. Hain zuzen ere, buru osasuneko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei lagunduko die “bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat diseinatzen, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta”, Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoaren hitzetan. Ekimena zortzi gazterekin eta haien familiekin garatuko da 2021ean eta 2022an, eta datorren urtetik aurrera biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko helburua dago.
 
Prozesu horretan parte hartzen duten gazteek eta haien senideek laguntza psikologiko eta emozionala jasoko dute, astean behin edota hamabostean behin gauzatuko diren banakako eta taldeko laguntza-saioen bidez. Gazteentzako eta familientzako gai espezifikoei buruzko tailerrak ere antolatuko dira hilero. Era berean, proiektuan parte hartzen dutenek aisialdi-, kirol-, prestakuntza- eta lan-jardueretan parte hartzeko laguntza izango dute, beren nahi eta interesekin bat datorren bizitza-proiektu bat garatu ahal izateko.
 
SENTSIBILIZAZIOA IKASTETXEETAN
Proiektu pilotua Zeuk Aukeratu programaren baitan dago. Horren barne, prebentzio- eta sentsibilizazio-saioak eskaintzen ditu Agifesek 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteekin, irakasle-taldearekin eta familiekin.
 
Saio horietan pertsona ospetsuen testigantzak jasotzen dituzten bideoak ikusten dituzte gaztetxoek. Helburuak honakoak dira: buru osasuna zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea; adingabeen garapen pertsonalean hezkuntza-sistemako eragile guztiek (irakasleak, senideak, berdinen taldeek eta abar) duten eginkizunaz kontzientziatzea; osasun mentaleko arazoen seinale goiztiarrak identifikatzen laguntzea; eta estigmaren arrastoak minimizatzea, osasun mentaleko arazoen ikuspegi errealista eskainiz, estereotipoetatik aldenduz.
 
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez, gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak “650 plaza baino gehiago eskaintzen ditu baliabide, zerbitzu eta programetan buru-nahasmendu larria duten pertsonentzat. Gainera, datozen hilabeteetan hainbat zerbitzu zabaltzeko aurreikuspena dugu, eta sarea hedatzen jarraituko dugu, dauden beharrei erantzuteko”. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkio Agifesi egunero egiten duen lanagatik, buru osasuna “lehen mailako erronka dela eta laguntza-sarearen barruan lan bateratua egin behar dugula” nabarmenduz.
 
Bestalde, Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Marian Olabarrietak pandemiak pertsona zaurgarriengan izan duen eraginari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak burutu dituen ekintzak azaldu ditu. Era berean, herritarrak euren eskubideak gauzatzera animatu ditu, buru osasunaren arretari dagokiona kasu, prebentzioaren arloan aurrera egiten jarraitzeko.
 
Ildo berean,  Aitziber San Romanek, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak, positibotzat jo du pandemiak osasun mentalaren garrantzia islatu izana. San Romanek elkarteen eta erakundeen eguneroko lana eta ahalegina ospatu du, baina buru osasuneko arreta hobetzeko lanean jarraitzea beharrezkoa dela gogorarazi du.
 
HAURREN ETA GAZTEEN OSASUN MENTALARI BURUZKO JARDUNALDIA
Esku-hartze ildo berriaren harira, Agifesek haurren, nerabeen eta gazteen osasun mentalari eskainiko dio aurtengo jardunaldia. Datorren urriaren 25ean, 18:00etatik aurrera, Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egingo da haur eta gazteen buru osasunari buruzko topaketa, gizarte- eta osasun-arloetako profesionalen parte-hartzearekin eta lehen pertsonan eskainitako testigantzekin.
 
Saioa eserleku kopuru murritzarekin egingo da (50 pertsona inguru), baina Agifesen Youtubeko kanalaren bidez ere zuzenean emango da.
 
ESTIGMAREN AURKA
Agifeseko erabiltzaileak eta profesionalak Tabakaleraren ondoan bildu dira gaur, urriak 8, prebentzioa eta buru osasunaren zaintza aldarrikatu eta osasun mentaleko arazoen inguruko estigma salatzeko. “Buru osasuna, gainditu gabeko ikasgaia. Aurreiritziak eta estigma alboratu, guztion ongizatea bermatu” dioen pankartarekin, Agifes laguntza-baliabideetan inbertitzearen eta gizarte-eragile guztiei (familiak eta gizarte- eta hezkuntza-arloetako profesionalak barne) zuzenduriko sentsibilizazioa sustatzearen alde agertzen da, adin txikietatik buru osasuneko arazoei aurrea hartzeko eta arazo horiek indartzen dituzten aurreiritzi eta sinesmenak baztertzeko.
 
 
BURU OSASUNAREN ZAINDARIAK
Era berean, Agifesek aurrera jarraitzen du buru osasunaren zaindariei buruzko kanpainarekin, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen senideen lana azpimarratzeko xedez. Ekimenak familiak eta hurbilekoek buru osasunaren zaintzan duten garrantzia aitortzea du helburu, pertsonen ongizate psikikorako funtsezko zutabe baitira, eta are gehiago nahasmendu psikikoak dituzten pertsonen kasuan.
 
Arlo sozial, sanitario eta instituzionaletik eskaintzen diren buru osasuneko programak eta zerbitzuak ezinbestekoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunez egun laguntzen dietenen zeregina. Izan ere, ahaiderik hurbilenak dira diagnostikoa duten pertsonen errekuperazio-prozesuari gehien eusten diotenak.
 
Horregatik, Agifes hainbat material garatzen ari da senitartekoen bizi-kalitatea sustatzeko, buru nahasmendua duen pertsona zaintzearekin batera, euren burua behar bezala zaintzeko gai izan daitezen.
 
Ildo beretik, urriaren 14an, Iker Arrizabalaga psikologoak hitzaldia eskainiko du Arrasaten, senide eta zaintzaileentzat, eta Agifeseko laguntza-taldeetan parte hartzen duten pare bat senidek ere hitza hartuko dute saioan euren esperientzia partekatzeko.