Agifesek haurren eta gazteen buru osasunari buruzko jardunaldia antolatu du

  • Jardunaldiaren izenburua: ‘Haurren eta gazteen buru osasuna. Gainditu gabeko ikasgaia’

  • Data: Urriak 25, astelehena

  • Lekua: Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan

  • Ordua: 18:00h

  • Hizlariak:

    • Aida Díaz, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko psikiatra.
    • Nekane Azuabarrena, Agifeseko psikologoa.
    • Diana Subijana, buru osasun arazoak dituen pertsona baten senidea. 
    • Iranzu Zubeldia, hezitzailea.

       
Agifesek haurren, nerabeen eta gazteen buru osasunari buruzko jardunaldia egingo du datorren urriaren 25ean. ‘Haurren eta gazteen buru osasuna. Gainditu gabeko ikasgaia’ izeneko topaketa Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egingo da 18:00etatik aurrera, gizarte- eta osasun-arloetako profesionalen parte-hartzearekin eta lehen pertsonan eskainitako testigantzekin.

Aida Díaz Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko psikiatrak gazteei bizitzako emozioak eta zailtasunak ezagutzen eta maneiatzen laguntzeko beharra azpimarratuko du. Bestalde, Nekane Azuabarrena psikologoak Agifes 'Zeuk Aukeratu' nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko sentsibilizazio, prebentzio eta esku-hartze programaren barruan egiten ari den lana azalduko du. Halaber, Diana Subijanak, osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten senideak eta Iranzu Zubeldia hezitzaileak beren esperientzia pertsonala partekatuko dute.

Saioa presentzialki burutuko da eta Agifesen Youtubeko kanalaren bidez ere zuzenean emango da.

 

‘Zeuk Aukeratu’

‘Zeuk Aukeratu’ programak bi jarduera-ildo nagusi ditu. Batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa hezkuntza-komunitatean, eta, bestetik, gazteei laguntzea.

Lehenengo lan-lerroa ikastetxeetan buru osasun arazoen aurrean prebenitzeko eta sentsibilizatzeko saioak egitean datza, 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteekin, irakasle-taldearekin eta familiekin.

Saio horietan pertsona ospetsuen testigantzak jasotzen dituzten bideoak ikusten dituzte gaztetxoek. Helburuak honakoak dira: buru osasuna zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea; adingabeen garapen pertsonalean hezkuntza-sistemako eragile guztiek (irakasleak, senideak, berdinen taldeek eta abar) duten eginkizunaz kontzientziatzea; osasun mentaleko arazoen seinale goiztiarrak identifikatzen laguntzea; eta estigmaren arrastoak minimizatzea, osasun mentaleko arazoen ikuspegi errealista eskainiz eta estereotipoetatik aldenduz.

Programaren bigarren zutabea osasun mentaleko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzearekin lotuta dago, bizi-proiektu propio eta itxaropentsua diseinatu dezaten, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta. Ekimena zortzi gazterekin eta haien familiekin garatuko da 2021ean eta 2022an, eta datorren urtetik aurrera biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko helburua dago.