Agifesek hitzaldia emango du Hondarribian nerabeekin eta gazteekin komunikazioa sustatzeko, buru osasuneko arazoak prebenitze aldera

 
  • Data: urriak 21, osteguna
  • Lekua: Ama Guadalupekoa eraikina (Bidasoa kalea, 11). Hondarribia.
  • Ordua: 18:30ean
  • Hizlaria: Nekane Azuabarrena, Agifeseko psikologoa
 
 
Agifesek hitzaldia eskainiko du urriaren 21ean Hondarribian, nerabeekin eta gazteekin komunikazioa sustatzeko, buru osasuneko arazoak prebenitze aldera. Saioaren antolatzailea Gurasolab ekimena da. Gurasoek, adituekin batera, seme-alaben garapenarekin eta hezkuntzarekin lotutako gaiak partekatu eta eztabaidatzeko espazioa da hori.
 
Ama Guadalupekoa eraikinean 18:30etik aurrera egingo den topaketa honen gidaria Nekane Azuabarrena psikologoa izango da, Agifeseko ‘Zeuk Aukeratu’ programaren arduraduna. Proiektu honen helburua hezkuntza-komunitatea osasun mentalari buruz sentsibilizatzea eta informatzea da, baita gazteei eta haien familiei arazo psikikoen kudeaketan eta errekuperazio-prozesuan laguntzea ere.
 
Hondarribiko saioan, Gipuzkoako elkarteko psikologoak hainbat jarraibide eskainiko dizkie bertaratutako gurasoei, familia-komunikazioa hobetzeko eta, hala, seme-alabei beren sufrimendu psikikoa azaleratzen eta ager daitezkeen osasun mentaleko arazoak bideratzen laguntzeko.
 
Buru osasuna nerabezaroan: zifrak
 
Buru nahasmenduak, batez ere, nerabezaroan sortzen dira, eta gero eta adin txikiagoko haurren artean hautematen ari dira. Hori dela eta, Agifesek uste du funtsezkoa dela gazteenei arreta handiagoa eskaintzea. Hain zuzen ere, osasun mentaleko arazoen % 50 15 urte bete aurretik agertzen dira, eta % 75 18 urte bete aurretik. Gainera, aipagarria da munduko zazpi nerabetik batek buru osasuneko arazoren bat duela, eta Espainian, 10-17 urte bitarteko adingabeen artean, suizidioa dela bigarren heriotza-kausa.
 
Azken hilabeteetan, pandemiaren ondorioz, areagotu egin dira osasun mentaleko arazoak populazio-talde horretan. Zehazki, nerabeen ospitaleratze psikiatrikoak % 50 igo dira 2021eko lehen hilabeteetan, eta ospitaleratzeko arrazoi nagusiak elikadura-portaeraren nahasmenduak eta suizidio-saiakerak dira.
 
Zeuk Aukeratu
 
Orain arte, Agifesek kronikotasun-maila handieneko helduak artatu ditu, batik bat, baina haur eta gazteen arreta-eskaeraren aurrean, proiektu pilotu bat abiarazi du. Hain zuzen ere, buru osasuneko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei lagunduko die “bizi-proiektu itxaropentsu bat diseinatzen, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta”, Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoaren hitzetan. Ekimena zortzi gazterekin eta haien familiekin garatuko da 2021ean eta 2022an, eta datorren urtetik aurrera biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko helburua dago.
 
Prozesu horretan parte hartzen duten gazteek eta haien senideek laguntza psikologiko eta emozionala jasoko dute, astean behin edota hamabostean behin gauzatuko diren banakako eta taldeko laguntza-saioen bidez. Gazteentzako eta familientzako gai espezifikoei buruzko tailerrak ere antolatuko dira hilero. Era berean, proiektuan parte hartzen dutenek aisialdi-, kirol-, prestakuntza- eta lan-jardueretan parte hartzeko laguntza izango dute, beren nahi eta interesekin bat datorren bizitza-proiektu bat garatu ahal izateko.
 
Proiektu pilotua Zeuk Aukeratu programaren baitan dago. Horren barne, prebentzio- eta sentsibilizazio-saioak eskaintzen ditu Agifesek 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteekin, irakasle-taldearekin eta familiekin.
 
Saio horietan pertsona ospetsuen testigantzak jasotzen dituzten bideoak ikusten dituzte gaztetxoek. Helburuak honakoak dira: buru osasuna zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea; adingabeen garapen pertsonalean hezkuntza-sistemako eragile guztiek (irakasleak, senideak, berdinen taldeek eta abar) duten eginkizunaz kontzientziatzea; osasun mentaleko arazoen seinale goiztiarrak identifikatzen laguntzea; eta estigmaren arrastoak minimizatzea, osasun mentaleko arazoen ikuspegi errealista eskainiz, estereotipoetatik aldenduz.
 
Kazetaritza sariak
 
Halaber, Agifesek 2021eko 'Kazetaritza eta Buru Osasuna' Sariak antolatu ditu, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. Aurreko edizioetan bezala, egitasmo honen xedea buru-osasunaren inguruan kazetaritza lanak sustatzea eta saritzea da. Buru osasun arazoak dituzten pertsonen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lana nabarmendu nahi dugu, gizarte-sentsibilizazioan fokua jartzeagatik eta estigmaren aurka borrokatzeagatik.
 
Elkarteak asko atsegingo luke zuek lehiaketan parte hartzea. Sari hauek hedabideei eskerrak emateko sortu dira, buru osasuneko arazoen ikuspegi soziala normalizatzen laguntzeko eta osasun mentaleko arazoak dituztenen gizarteratzea sustatzeko ahalmen handia baitute.