Agifesek nerabeen buru osasun arazoak aztertuko ditu Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaren azken saioan

Maiatzaren 30ean, ostegunean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren laugarren eta azken filma proiektatuko da Errenteriako Niessen zineman, 19:30ean. Nerabezaroko zailtasunak aztertzen ditu Estatu Batuetako ‘Las ventajas de ser un marginado’ dramak, baita protagonistaren buru nahasmendua, suizidioa, homofobia edo sexu-abusuen ondorioak ere, besteak beste. Proiekzioaren ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  
 
Zure harremanik zailena' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Maiatzaren 9an hasi zen zineforum zikloari amaiera emango zaio emanaldi honekin. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.
 
Lau Oscar sari irabazi zituen 'Una mente maravillosa' drama biografikoak eman zion hasiera ekimenari, maiatzaren 9an, eskizofreniak John Nash matematikariaren bizitzan izan zuen eragina aztertuz. Hilaren 16an suizidioaren gaia jorratu zen ‘Gente Corriente’ filmaren proiekzioarekin. Eta joan den astean depresioaren eta lan baldintzen arteko harremana aztertzen duen ‘Dos días, una noche’ filma ikusi zuten bertaratuek.