Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum arrakastatsuaren edizio berria eskainiko du Donostian

  • Saioak doan izango dira, eta hilaren 4an, 11an, 18an eta 25ean egingo dira, Donostiako Principe zineman, 19:30ean
  • 'Zure harremanik zailena' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimenaren helburua da buruko osasun arazoen, eta bereziki depresioaren, ezagutza zabaltzea
  • Proiekzioen ondoren, filmaren mezuan sakontzeko solasaldia egingo da, buru osasunaren inguruan

 

Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloa eskainiko du seigarren urtez jarraian Donostian. Azaroko astelehenero izango da, 19:30ean SADE taldeko Príncipe zinemetan.

Agifesek ekimen honen bi edizio antolatzen ditu urtero, jende ugari erakartzen baitu hitzorduak: bata finkoa, Donostian; eta bestea, ibiltaria, Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Jada saio bana hartu dute Eibarrek, Zarautzek, Bergarak eta Errenteriak. 'Zure harremanik zailena' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen, eta bereziki depresioaren, ezagutza zabaltzea.

Proiekzioak, eta horien ondoren egingo diren solasaldiak, azaroaren 4an, 11an, 18an eta 25ean izango dira. Sarrera doan da eta gonbidapenak zinemako leihatilan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera. Ikusleak, pelikularen ondoren burutuko den solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.

Azaroaren 4an emango zaio hasiera zikloari, Barbra Streisand-ek zuzendutako 'El príncipe de las mareas' filmarekin, eta depresioaren eta suizidioaren inguruan gogoeta egiteko aukera zabalduko du. Hilaren 11an, aldiz, 'Las horas' zintaren txanda iritsiko da, euren bizitzari zentzua ematen saiatzen diren garai ezberdineko hiru emakumeren drama estatubatuarra. Hirurek Virginia Woolf-en Mrs. Dalloway eleberriarekin lotura daukate. 'Lars y una chica de verdad' pelikula izango da azaroaren 18ko saioaren ardatz, gizon bakarti batek panpina batekin duen maitasun istorioa. Zikloari amaiera emateko, ‘Que nadie camine por mi mente con los pies sucios‘ antzezlana proiektatuko da 25ean. Ikuskizunaren ondoren, da antzezlanaren ordezkariekin solasaldia egingo da, buru osasun arazoek gure gizartean eragiten duten estigmari buruz sentsibilizatzeko.

KAZETARITZA LEHIAKETA

Agifesek 2019ko 'Kazetaritza eta Buru Osasuna' Lehiaketa antolatu du, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. 'Zure harremanik zailena' kanpainaren baitan dagoen egitasmo honen xedea da buru gaixotasunaren tratamendu egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea; 2019an argitaratu edo igorritakoak, hain zuzen. Gizarte-sentsibilizazioa helburu duten lanak bereziki baloratuko ditugu, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.

Agifesetik asko atsegingo genuke zuek lehiaketan parte hartzea. Ekimen honekin, komunikabideek estigmaren aurka eta buru gaixotasuna duten pertsonak gizarteratzearen alde egiten duten lan garrantzitsu hori eskertu eta bultzatu nahi dugu.

Oinarriak kontsultatu