Agifeseko profesionalek eta Lehen Pertsonan Batzordeko kideek buru osasunaren inguruko hitzaldiak eman dituzte egunotan

Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuko ikasleek Agifes elkarteko profesionalen eta kideen bisita jaso dute aste honetan buru osasunaren, suizidioaren eta elkartearen zerbitzuen inguruan hitz egiteko.

Agifeseko gizarte langile Verónica Pazos ikastetxean egon da sufrimendu psikikoari eta honen kausei buruzko deskribapena egiten modelo biopsikosozialean oinarrituz. Buru osasun arazoak dituzten pertsonen ezaugarrien inguruan hitz egin ondoren, kolektiboko pertsonei eragiten dieten mitoei eta aurreiritziei buruz aritu da, baita elkartean eskaintzen diren zerbitzuei eta baliabideei buruz ere. Lehen Pertsonan ikuspuntua ere eskaini zaie ikasleei: asteartean, Lehen Pertsonan Batzordeko kide Aitor Sastrek adikzioekin eta buruko eritasunekin duen esperientzia azaldu zuen, eta ostegunean Yolanda Barreirok buru nahasmenduaren inguruan hitz egin zuen bere bizipenetatik abiatuta. 

Bastalde, Agifeseko sentsibilizazio batzordeko kide eta elkarrenganako eragile den Mikel Merinok, Sandra Ranea Ertzaintzarekin batera, suizidio arriskua duten egoerak nola prebenitu eta egoera horien aurrean nola jokatu azaldu zuen ikastetxe berean burututako beste hitzaldi batean.