Agifesen Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloa Eibarrera iritsiko da

Joan den azaroan Donostian eskaini zen Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Ziklo arrakastatsuaren ostean, Agifesek ekimen berria antolatu du Eibarren. 'Mintzatuz osatu' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimenaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizartearen babesa sustatzea. Zineforumaren lau saioak astelehenetan izango dira, maiatzaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, Eibarko Coliseo zinemaren 1. aretoan, 19.30ean. Sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan edo Donostiako Agifeseko egoitzan.   

Donostian ikusle ugari bildu zituzten lau filmeetatik, hiruk errepikatuko dute. Maiatzaren 9an emango zaio hasiera zikloari 'El lado bueno de las cosas'  proposamen berriarekin. David O. Russell zuzendariaren komedia dramatiko honek Oscar sarietarako zortzi nominazio jaso zituen eta nahasmendu bipolarra eta obsesibo konpultsiboa lantzen ditu. Hurrengo saioan, 16anfobia soziala eta beste nahasmendu batzuk lantzen dituen 'Elling pelikula norvegiarra eskainiko da. Maiatzaren 23an Joe Wright-en ‘El Solista’ proiektatuko da. Pelikulak eskizofrenia duen biolontxelo-jotzaile baten bizitza kontatzen du, eta benetako istorio batean oinarritua dago. Zikloa ‘Shine’ film australiarrak itxiko du maiatzaren 30ean, eskizofrenia izan zuen David Helfgott pianista eta haur prodijioaren bizitzan oinarritutako istorioak. 

Ikusleak, pelikularen ondoren, Carmen Clemente psikologoak gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du. Gonbidapenak Coliseo zinemako leihatiletan eta Donostiako Agifeseko egoitzan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera.Gehienez bi sarrera har ditzake pertsona bakoitzak, saio bakoitzeko.