Agifesen Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloak sufrimendu psikikoa eta suizidioa aztertuko ditu

Maiatzaren 16an, ostegunean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren bigarren filma proiektatuko da Errenteriako Niessen zineman, 19:30ean. Robert Redford zinemagileak zuzendutako ‘Gente Corriente’ drama txalotuak sufrimendu psikikoa eta suizidioa aztertzen ditu protagonistaren anaiak jasandako heriotza tragikoaren ondorioz. 1980 urtean estreinatutako filmak lau Oscar sari eta bost Urrezko Globo eskuratu zituen. Proiekzioaren ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  
 
Zure harremanik zailena' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Maiatzaren 9an hasi zen zineforum zikloak beste bi saio izango ditu hilaren 23an eta 30ean, Errenteriako Niessen zineman, 19:30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.
 
Lau Oscar sari irabazi zituen 'Una mente maravillosa' drama biografikoak eman zion hasiera ekimenari, maiatzaren 9an, eskizofreniak John Nash matematikariaren bizitzan izan zuen eragina aztertuz. Hilaren 16ko proiekzioaren ondoren, maiatzaren 23an ‘Dos días, una noche’ filma eskainiko da, eta 30ean nerabeen buru osasunaren inguruko hausnarketa egingo da zikloaren azken proiekzioan: 'Las ventajas de ser un marginado'.