Agifesen Zinema eta Buru Osasuna zineforumaren edizio berria hartuko du Donostiak

 

  • Saioak doan izango dira, eta azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an egingo dira,  Príncipe zinemetan, 19:30ean.

     
  • 'Buru osasunaren zaindariak' sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimen honen helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

     
  • Proiekzioen ondoren, filmak buru osasunaren inguruan duen mezuan sakontzeko solasaldia egingo da.

     

Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaren edizio berria burutuko du Donostian. Ekimena azaroko astelehenetan izango da Príncipe zinemetan, 19:30etik aurrera.

Agifesek ekimen honen bi edizio antolatzen ditu urtero, jende ugari erakartzen baitu hitzorduak: bata finkoa, Donostian; eta bestea, ibiltaria, Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Jada saio bana hartu dute Eibarrek, Zarautzek, Bergarak, Errenteriak eta Irunek. 'Buru osasunaren zaindariak’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

Saioak azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira. Sarrera doan da eta gonbidapenak zinemako leihatiletan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera. Ikusleak, pelikularen ondoren burutuko den solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.

Zikloa azaroaren 7an hasiko da ‘Litus’ filmarekin. Komedia dramatiko espainiar honen ardatza lagun talde bat berriz elkartzea da, duela hiru hilabete taldeko lagun batek bere buruaz beste egin ondoren. Azaroaren 14an, ‘No tengas miedo’ drama psikologikoaren proiekzioa hartuko du ekimenak. Sexu-abusuak jasan zituen neska gazte baten haurtzaro ilunari buruzko pelikula. Gazteak bizitza berregitea erabakitzen du, iraganari lotutako guztiari aurre eginez. Hilaren 21ean, ‘Un amor intranquilo’ filma eskainiko da. Familia elkarrekin mantentzeko ahaleginean dabilen bikote baten istorioa kontatzen du. Senarrak nahaste bipolarra du eta zailtasunei aurre egiten saiatuko dira. Hilaren 28an amaituko da zikloa, ‘El rey del barrio’ filmaren proiekzioarekin. Judd Apatowek zuzendutako film honek Pete Davidson komediante eta aktore estatubatuarrarengana hurbildu nahi gaitu. Aita hil zenetik buru osasuneko arazoak dituen gaztea da protagonista.