Aisialdi eta denbora libreko ekintzez gozatu dute Agifeseko erabiltzaileek Bidasoaldean

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo zein Hondarribiko udalek emandako diru-laguntzari esker, irteera eta ekintza ugari burutu dituzte 20 lagun baino gehiagok iraila eta abendua bitartean
 
2015 azken lauhilabetekoan, iraila eta abendua bitartean, Aisialdi eta Denbora Libreko (OTL) programa burutu genuen Bidasoaldean, eskualdeko eskaerari erantzuna emateko, eta balantzea oso positiboa izan da. Monitore gisa aritu den Agifeseko Laida Ormazabalek aipatu duenez, parte hartu duten pertsonentzat onuragarria izan da egitasmo hori, lau hilabetez elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko aukera izan baitute.
 
Aisialdiko programa buru gaixotasuna duten pertsonei zuzendua dago. Helburua, ekintza desberdinen bitartez, harremanak sendotu eta isolamendua saihestea da. Eta hala gertatu da, izan ere, Laidak aditzera eman duenez, elkarri motibatzen zioten partaideek, astetik astera jarduerak antolatzen. 
 
Parte-hartzea librea zenez, norberak erabakitzen zuen zein egunetan gerturatu nahi zuen. Larunbat batzuetan 20 pertsona inguru elkartzen diren, baina orokorrean 14 bat lagun izaten ziren. Plana larunbat batetik bestera erabakitzen zuten erabiltzaileek beraiek, eta normalean bi aukera pentsatzen zituzten; bata
eguraldi ona bazegoen egiteko, eta bestea, badaezpada. “Horrela, norberak bazekien hurrengo astebururako plana zein zen, eta joan ala ez erabaki zezakeen aldez aurretik”, adierazi du monitoreak. Programaren ordutegiari dagokionez, jarduerak 16.00etan hasi eta 19.00etan bukatzen ziren. Lau hilabete horietan
ekintza ugari egin dira: besteak beste, Irungo hainbat museotara eta Plaiaundi Parke Ekologikora bisitak; Hondarribira irteera, bertako historia ezagutu eta pintxoak dastatzera; Oiartzungo termetara txangoa; Ficobak antolatutako hainbat erakustalditara bisitak, eta baita Mendibileko merkataritza-gunean pelikulak ikustera era.
 
Aisialdia eta Denbora Libreko programa martxan jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo zein Hondarribiko udalen diru-laguntza jaso du Agifesek. Horri esker, erabiltzaileek doan izan dituzte ekintza guztiak.