Argazki lehiaketara aurkezteko azken egunak

Agifesen IX. Argazki Lehiaketara aurkezteko epea uztailaren 19an amaituko da. Aurtengo edizioan ere, depresioa da ardatz, eta parte-hartzaileak nahasmendu psikiko honen inguruko ikuspegi anitzak aurkeztera gonbidatuta daude. Izan ere, tristurarekin edota gogo faltarekin lotu ohi da depresioa askotan, baina errealitatea askoz konplexuagoa eta sakonagoa da.
 
Hori dela eta, aurreiritziak gainditzea eta sufrimendu psikikoaren aurrean itxaropena esnaraziko duten irudiak partekatzea da lehiaketaren helburua. Urtero lez, finalisten artean argazki gustukoenen alde bozkatzeko aukera izango da sare sozialen bitartez. Hiru irabazleak, aldiz, sentsibilizazio-batzordeak hautatuko ditu, boto gehien jasotako 10 lanen artean.
 
Argazkilaritza-lehiaketak harrera bikaina izan du urtez urte. Iaz, esaterako, 156 pertsonak hartu zuten parte, lan bat edo gehiagorekin. Hori dela eta, ilusio handiz ekin diogu deialdi berriari, eta depresioari eman nahi izan diogu protagonismoa bigarren urtez jarraian.
 
Kazetaritza eta buru osasuna
Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien edizio berria ere abiarazi dugu, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko helburuarekin. Egitasmo honen xedea da buru gaixotasunaren tratamendu egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea.
 
Gizarte-sentsibilizazioa xede duten lanak bereziki baloratuko ditugu, hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buruko osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; bai eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak ere.