Azterlan batek jakinarazi du estigmak isolamendura eta bakardadera bultzatzen dituela buru gaixotasuna duten pertsonak

 
Gizarte-estigmak buru gaixotasuna duten pertsonak isolamendura eta bakardadera bultzatzen ditu. Horrela dio Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioak gaur aurkeztu duen azterlanak. Proiektuan 200 pertsona inguruk parte hartu dute, bai gaixotasun mentala dutenak eta horien senideak eta bai sektore anitzetako eragile nagusienetako batzuk ere. Ikerlanaren helburua da pertsona horien gizarteratzea sustatzea eta komunitate-ingurunean parte hartze normalizatua izan dezaten laguntzea.
 
Mari Jose Canok, Fedeafeseko gerenteak, azpimarratu du estigma sozialak buru gaixotasunak berak baino kalte gehiago egiten diela pertsonei, gizartean hautematen dizuten “uste okerrak” barneratu egiten dituztelako. Adituak jakinarazi du tratamendu soziosanitario egokiarekin bizitza normalizatua eraman dezaketela buru gaixotasuna duten pertsonek, baina aurreiritziek sortzen duten “hesi ikusezin” horren ondorioak jasan behar izaten dituzte.
 
Atzo Bilbon egindako ekitaldian parte hartu zuten Gizarte Politiketako sailburuordeak, Iñigo Pombok, eta Osasun sailburuordeak, Guillermo Viñegrak. Eusko Jaurlaritzak egindako lana babestu eta aintzat hartzen duela adierazi zuen Pombok, eta elkarte-mugimenduak hiru erronkari eutsi behar diela esan zuen: gizartea sentsibilizatzea, administrazioen eta kolektiboaren arteko lotura izatea eta gaixotasuna duten pertsonei babesa ematea. “Ez zaudete bakarrik, zuekin gaude”, nabarmendu zuen.
 
Bestalde, Viñegrak aipatu zuen euskal gizarteak “tolerantea eta bihozbera” izan behar duela, eta “ez beldurtia” buru osasun arazoak dituzten pertsonak gizarteratzerakoan. Gaineratu zuen guztion betebeharra dela “ezjakintasunaren, banakotasunaren eta aurreiritziaren aurka egitea”.
 
Txostenaren arabera, estigma sozialak asko kaltetzen du buruko gaitza duten pertsonen ongizate emozionala, kulpa eta sufrimendua eragiten baitie. Harreman pertsonalak ere gutxitu egiten dira, bazterketaren beldurragatik euren gaixotasuna ezkutatu egiten baitute kasu ugaritan.
 
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiken Departamenduak babestutako azterlanak ere mahai gainean jartzen ditu estigmak senitartekoengan dituen ondorioak eta gizarte-sentsibilizazioko ekimenak burutzearen garrantzia nabarmentzen du. Osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloen koordinazioaren alde apustu egiten du Fedeafesek, eta komunikabideen garrantzia azpimarratzen du, buru gaixotasunaren eta berau jasaten duten pertsonen irudi erreala transmititzeko eta estigma gainditzen laguntzeko boterea baitaukate.
 
Aurreiritziek eragin garbia daukate buru gaixotasuna duten pertsonen lan-aukeretan eta euren garapen pertsonalean, gizarte-bazterketaren ondorioz euren gaitasunak ukatzen baitituzte kasu askotan. Senideek eta profesionalek, sarritan, pertsona hauen erabakimena ukatzeko joera dutela ere azaltzen du azterlanak, gehiegi babesten baitituzte eta euren gaitasunekiko zalantzak sortzen baitzaizkie.
 
Amaitzeko, 12 interes-talderentzako jarduteko proposamen konkretuak eskaintzen ditu txotenak: buru gaixotasuna duten pertsonentzako, senideentzako, laguntza-profesionalentzako, elkarte-mugimenduarentzako, osasun sistemarentzat, gizarte zerbitzuentzat, tokiko erakundeentzat, enplegu arloarentzat, hezkuntza sistemarentzat, komunikabideentzat, kulturarentzat eta justiziarentzat.
 

 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.