Baditugu Kazetaritza eta Buru Osasuna lehiaketako irabazleak!

Agifesen sentsibilizazio batzordeak hautatu ditu jada I. ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna’ lehiaketako irabazleak. Urte osoan, Gipuzkoan osasun mentalaren inguruan argitaratu edo igorritako lanak aztertu ditugu, eta oso pozik gaude kazetaritza-lanen kalitatearekin. Gure lurraldean, orokorrean, hedabideek buru gaixotasuna duten pertsonen kolektiboari trataera egokia ematen diotela iruditzen zaigu, eta jardunbide onak saritu egin behar direlakoan gaude!

Esker ona adierazi nahi diegu gure kolektiboari arreta eskaini dioten komunikabide, kazetari eta teknikari guztiei, eta, bereziki, honakoei:

‘Idatzizko hedabideak’ kategorian saritua:

Javier Guillenea, El Diario Vasco egunkariko kazetaria, 2014ko apirilaren 6an argitaratutako Mamen no está sola artikuluarengatik. Ikuspegi eta terminologia aldetik, lan bikaina iruditzen zaigu, eta bereziki eskertu nahi diogu buru gaixotasunaren inguruan sentsibilizatzeko azaldu duen borondatea. Gaixotasun mentaletik errekuperatzeko eta bizitza normalizatua eramateko aukerak testuaren ardatz hartu izana oso kontuan hartu dugu, baita gaiari eskainitako espazio zabala ere.

Sari bakarra banatzeko aukera izan dugun arren, prentsa arloan bi aipamen berezi egitea gustatuko litzaiguke:

  • Arantxa Iraolaren (Berria) “Bidean aske sentitzeko ametsa erreportajea (2014ko urriak 10). Sentsibilitate handiz idatzitako testua da eta kolektiboari berari ematen dio hitza, buru gaixotasuna duten pertsona ugariri elkarrizketa eginez. 
  • Jorge Napalen (Noticias de Gipuzkoa) “Con esquizofrenia se puede llevar una vida plena y normal elkarrizketa (2014ko urriak 9). Kasu honetan ere, naturaltasunez lantzen du gaia kazetariak, buru gaixotasuna duen pertsona baten errekuperazio prozesua eta eguneroko bizitza azalduz. Sentsibilizaziorako lan ederra da hau ere bai.

‘Telebista’ kategorian:

ETB2ko ‘Sin Ir Más Lejos’ programa, 2014ko urriaren 13ko programan buru osasunari eta sentsibilizazioari eskainitako tarte zabalarengatik. Gaixotasun mentalei buruz dauden aurreiritziak baztertzera zuzendutako saioa egin zuten, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, eta sentsibilitate handiz jorratu zuten gaia. Buru gaixotasuna duten hainbat pertsonei, senide bati eta psikologo bati eman zioten hitza. (Saioaren zati bat ikusgai duzue online)

‘Irratia’ kategorian:

Unai Urreaga kazetaria, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioko kidea, 2014ko maiatzaren 13an Karabeleko ekonekazaritza etxaldearen inguruan egindako erreportaje zabalarengatik. Etxaldean bertan errehabilitazio psikosoziala lantzen ari diren bi erabiltzaileri protagonismoa handia eman zien, euren esperientziak eta iritzia adierazteko aukera eskainiz. Buru gaixotasuna duten pertsonei eskainitako arreta eta gaiaren trataera arduratsua saritu nahi ditugu. Erreportajea entzun.

 

'KAZETARITZA ETA BURU OSASUNA' LEHIAKETA

Aurten lehenengo aldiz egindako lehiaketa honen xedea buru gaixotasunaren tratamendu egokia eta arduratsua egiten duten kazetaritza-lanak aintzat hartu eta saritzea da. Bereziki kontuan hartu ditugu gizarte-sentsibilizazioa helburu dituzten erreportaje eta saioak. Hau da, buru osasun arazoen inguruan dagoen estigma gainditzen laguntzen dutenak; buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea sustatzen dutenak; patologia horien inguruko aurreiritziak baztertzen dituztenak; eta pertsona horien gaitasunak eta errekuperaziorako aukerak azpimarratzen dituztenak.
 
Gainera, erreportajeetan terminologia egokia eta errespetuzkoa erabiltzea baloratu dugu (Fedeafesek landutako Komunikabideentzako estilo gidaliburua oinarritzat hartuz). Argazkiak eta ikus-entzunezko baliabideen edukia eta transmititzen duten ikuspegia ere kontuan izan ditugu.
 
Saritu bakoitzak 400 jasoko ditu.