Biodibertsitatearen IV. Barraskilo Saria jaso du Karabelekok

Euskal Gastronomia Kofradiak IV. Barraskilo Saria eman zion Karabelekori atzo, abenduaren 14an, nekazaritza ekologikoaren inguruan egiten duen esperimentazio lana dela eta. Duela sei hilabete jaio zen ekonekazaritza etxalde hau, Agifes, Blasenea eta Kimu Bat entitateek bultzatuta, eta gure esker ona adierazi nahi dugu biodibertsitatearen azterketan aurrera egiteko bultzada eman digun "aintzatespen garrantzitsu honengatik".
 
Irabazi-asmorik gabeko elkarte honen helburua da barazkigintza ekologikoaren ekoizpen eta kontsumo kultura bultzatzea, baita buru gaixotasuna duten pertsonen eta baztertze arriskuan dauden beste kolektibo batzuen errehabilitazio psikosoziala lantzea ere.
 
Aurreko urteetan Barraskilo Saria honakoek jaso dute: Cristina Eneak (2011), Gisasi Gipuzkoako hazleen elkarteak (2012), eta Antzuolako Lapatza baserriko Tomás Larrañaga nekazariak (2013). Saria barraskilo forma duen egurrezko irudia da, artisau gipuzkoar batek egina. Kontsumo-ohituren jasangarritasunaren defentsa irudikatzen du, baita bizitza lasaiagoa eramateko apustua ere, horrek ongizatea lortzen laguntzen baitigu.
 
Donostiako udaletxean burututako ekitaldian hainbat herrialdetako 22 kofradiatako ordezkariek parte hartu zuten. Saria banatzeaz gain, Ohorezko Kofradiakide berriak tronuratu ditu Euskal Gastronomia Kofradiak: Gilbert Dalla Rosa, Slow Food Bearne-eko presidentea; David López, Donostiako Kokotxa jatetxekoa, eta Jesus Mª Ormaetxea, Idiazabal Gaztaren Kofradiako presidentea.

Kantauriar isurialdeko lehenengo zentro esperimental ekologikoa

Etxaldeko instalazioetan barazki eta landare jangarri ugari ekoizten ditugu, bai tokikoak eta bai kanpokoak, guztiak ekologikoki hazitakoak. Instalazioak publikoari irekita daude, eta ekoizle amateur nahiz profesionalen topagune bilakatzeko asmoa du Karabelekok. Bertaratuek, espezie eta barazki barietate ugariren hazkuntza behatu eta komentatzeko aukera dute. Azken hilabeteotan 35 mota tipula, 60 tomate, 20 bat berenjena mota, eta beste horrenbeste piper, letxuga eta hosto jangarridun landare aztertu ditugu, besteak beste. Esperimentazio lan horrek barietate gama zabaltzea du helburu, baita gure lurraldeko barazki eskaintza hedatzea ere, %100 ekologikoa den produkzio eredua oinarritzat hartuz.
 
Buru osasun arazoak dituzten pertsonentzako eta baztertze egoeran daude beste kolektibo batzuentzako errehabilitazio psikosozialerako zentroa ere bada Karabeleko. Agifesek, Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak, Karabelekoren funtsezko helburuetako bat bete dadin bermatzen du: buru osasun arazoa duten pertsonen errekuperazioa bultzatzea, eurei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea, eta buru gaixotasunaren inguruko sentsibilizazio soziala lantzea.
 
Kanpoko laguntzekiko mendekotasunik izango ez duen proiektua izan nahi du Karabelekok; eta beraz, bezeroekiko gertutasunezko komertzializazio bideak garatzen ari gara. Salmenta-espazioa dago etxaldean, eta bertan sukaldaritza-landareak, landare apaingarri eta aromatikoak, tokikoak nahiz exotikoak; barazkiak, haziak, fruta-arbolak, ongarriak, intsumoak eta erremintak daude salgai, besteak beste; bai partikularrentzat eta bai kolektiboentzat. Era berean, kontsumo taldea dago, eta astero-astero baratzeko produktuekin osatutako otarrak jasotzen dituzte kideek.