Buru gaixotasuna duten emakumeen jabetzea aldarrikatzen du Fedeafesek, “diskriminazio bikoitza” jasaten baitute

 
Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) “eritasun psikikoa duten emakumeek diskriminazio bikoitza” jasaten dutela ikusarazi nahi du; batetik, “patologia horien inguruko estigma sozialarengatik eta, bestetik, euren generoagatik” adierazi du Mª Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak. Azken urteotan, Avifes, Asafes, Asasam eta Agifes elkarteak bateratzen dituen federazioak hainbat azterlan burutu ditu kolektibo honek bizi duen desberdintasun egoera aztertzeko, baita sufritzen duen indarkeriaren berri emateko ere.
 
Egoera horren aurrean, sentsibilizazio kanpaina jarri du abian Fedeafesek, kolektibo honen zaurgarritasunaz ohartarazteko, emakumeei informatzeko eta euren ahalduntzea sustatzeko. Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna‘ orria da ekimenaren gune nagusia, eta helburua publiko gaztearengana hurbiltzea da, baita buruko osasun arazoak dituzten emakumeek laguntza bila dezaten bultzatzea ere. Laster, kanpainaren webgunea ere ikusgai izango da.

Emakume zaintzaileak

Buru gaixotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten emakumeen rola ere aztertzen du ikerlanak, eta familiei zuzendutako zerbitzuetan gehienak emakumezkoak direla nabari da. Hala ere, “azken urteotan gero eta gizonezko zaintzaile gehiago agertzen ari direla antzematen da”. Bestalde, “emakume zaintzaile gehienak sufrimendu handiko egoerak” bizi izan dituztela edo bizitzen ari direla jakinarazi dute Fedeafesetik, “seme edo alabaren gaixotasunaren errudun direla sentitzen dutelako”.
 
Azterlanaren arabera, buru gaixotasuna duen pertsona bat etengabe zaintzeak osasun arazoak eragiten dizkie zaintzaileei, eta atsedenaldiak edo zainketa-lanerako laguntzak eskaintzera zuzendutako baliabideak “ez dira nahikoak”.

Berdintasuna lortzeko gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako eta Fedeafesek landutako berdintasunaren inguruko azterlanaren emaitzek agerian uzten dutenez, federazioak eskaintzen dituen zerbitzu eta programetan gizon kopuru bikoitza dago, emakumeekin alderatuz. Familien papera ere nabarmentzen dute, eta euren sentsibilizazioa landu behar dela diote, “gaixotasun mentala duen senidearen parte-hartze sozialaren garrantziaz jabetzeko, bereziki enpleguaren arloan”. Horrez gain, jakinarazi dute buru osasun arazoa duten emakumeek “ahalduntze-maila baxua” dutela, eta, horrenbestez, zaila egiten zaiela “eskubideak dituztela sinestea”. Emakumeen partaidetza-maila eskasa enpleguaren arloan nabari da gehien.
 
Fedeafesetik azpimarratu dute buru gaixotasuna duten emakumeen jabekuntzarako tailerrak, ikastaroak eta taldeak antolatu behar direla, euren parte-hartze soziala eta laneratzea ahalbidetzeko, batik bat tradizionalki gizonen esparrua izan diren eta lan-eskaintza zabalagoa duten sektoreetan. Senideei bideratutako prestakuntza-ekintzak ere beharrezkoak dira, nahasmendua duen familiartekoa gehiegi babes dezaten ekiditeko.
 
Gainera, euskal federaziotik aldarrikatzen dute emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten erakundeek euren politiketan kontuan izan ditzatela buru gaixotasuna duten emakumeen behar espezifikoak, eta baliabide eta zerbitzuak kasu horietara egokitzea.
 
Beste helburuetako bat da “emakume eta gizonezkoen parekidetasuna lantzen duten erakundeak sentsibilizatzea, buru gaixotasuna duten pertsonen zainketarako baliabide publikoak areagotzearen beharraz ohartu daitezen; eta arlo honetan elkarren arteko erantzukizun soziala bultzatzea”.
 
Zainketarekin loturiko programetan gizonek parte har dezaten sustatzea ere proposatzen dute. Zehazki, gizon taldeak sortzea eta, maskulinitate berrien ikuspegitik, zainketaren etikari lotutako balioak barnera ditzaten bultzatzea planteatzen dute.
 
Desberdintasuna egoeraren aurrean, emakumeak ahalduntzera bideratutako ekimenak antolatzea erabaki du Fedeafesek. Zentzu horretan, Zaballako espetxearekin elkarlanean ari da, kartzelan dauden emakumeen jabekuntza sustatze aldera, desberdintasunarekiko eta indarkeriarekiko kolektibo bereziki zaurgarria baitira. Horrela, martxoaren 2an jardunaldia egin zen espetxean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak eta Emakundek bultzatuta. Abenduan egindako emozioen kudeaketarako arteterapia tailerreko lanak erakusgai jarri zituzten, emakumeari buruzko dokumentala ikusi zuten eta solasaldia izan zuten ondoren.