Buru gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko antzezlana aurkeztuko da Eibarren

Ekainaren 21eanTodos Contamos, Todos Actuamos: Integrando a las personas con problemas de salud mental’ antzezlana aurkeztuko da Eibarko Portalea kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan. Salud Mental España konfederazioak bultzatutako eta ‘La Rueda’ konpainiak garatutako lana antzerki sozialean oinarritua dago eta publikoa sentsibilizatzea du helburu, parte-hartzea sustatuz. Antzerki mota honetan, publikoa antzezlanaren garapenaren parte da eta, kasu honetan, familiartean, lanean eta gizartean buru gaixotasunak eragindako arazoen konponbidean parte hartuko dute bertaratuek. 
 
Doako sarrera izango duen emanaldiaren antolatzaile da Agifes, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea. 2014 urtean estreinatu zenetik, Estatu osoko 2.000 ikuslek baino gehiagok hartu dute parte antzezlanean. Iaz Gasteizetik, Donostiatik eta 13 autonomia-erkidegoetako dozenaka udalerritik pasa ondoren, ikuskizuna Eibarrera iritsiko da aurten, eta sarrera doakoa izango da eserlekuak bete arte.
 

Sinopsia

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen estigmari buruz gogoeta egiteko antzezlana da hau. 
 
Gazte bat konturatzen da anaiak nahasmendu obsesibo-konpultsiboaren sintomak dituela. Medikuari kontsulta egiteko konbentzitzen saiatuko da anaia nahiz ama, baina zaila izango zaio ikusaraztea osasun mentaleko arazoa dagoela. 
 
Prestakuntza handia duen langile batek egiaztatzen du eskizofrenia diagnostikoa duenez ez diotela aukera ematen ardura maila handiagoa eskatzen duten eginbeharrak bere gain hartzen. Nagusiari aurka egiten saiatuko da, baina beldurrak eta gaixotasunarekiko ezjakintasunak oztopo izango dira akordio batera iristeko. 
 
Gazte bat aspaldiko lagunengana gerturatzen saiatuko da, depresio baten eraginez hainbat urtez etxean egon ondoren. Baina berriro elkartzen direnean, gauza asko aldatu direla ikusiko du.
 
Ikuskizunak hiru egoera hauek planteatzen ditu. Hortik aurrera, publikoaren parte hartzean oinarrituko da obra; hau da, ezinbestekoa izango da ikusleen iritzia egoera horiei irtenbidea emateko.
 
‘La Rueda’ konpainia
‘La Rueda’ ohiko antzerkitik aldentzen da ikusleekin eta publikoarekin harreman mota berriak eraikitzeko. Helburu horrekin, publikoak protagonistaren papera betetzen du antzezlanetan. 
 
Informazio gehiago webgune honetan: www.laruedateatrosocial.com