Buru gaixotasuna dutenen eskubideak urratzen dituen Zigor Kodearen erreforma-proposamenari buruzko hitzaldia

  • Hitzaldia: Zigor Kodearen erreforma: buru gaixotasuna duten pertsonen eskubide urratzea
  • Data: Urriak 27, astelehena
  • Non: Ibiltzen Bentaberri Zentroa. Bertsolari Xalbador, 4-6 behea. Antigua. Donostia
  • Ordua: 18:00
  • Hizlaria: Gotzone Astiasaran, Fedeafes Zerbitzu Juridikoko abokatua
  • Izen-emateak: doan, Agifesen egoitzara deituz, 943 47 43 37
  • Hizkuntza: gaztelaniaz

Zigor Kodearen erreforma-proposamenari buruzko hitzaldia eskainiko du Gotzone Astiasaran Fedeafeseko Zerbitzu Juridikoko abokatuak, urriaren 27an Donostian. Arauaren erreformak “buru gaixotasuna dutenen eskubideak urratzen ditu”. Adituak egoera hori azalduko du 18:00etatik aurrera Donostiako Ibiltzen Bentaberriko errehabilitazio psikosozialerako zentroan zuzenduko duen saioan.

Fedeafes eta Agifesek elkarrekin antolatutako hitzaldiaren helburua da Gobernuak Zigor Kodean egin nahi dituen aldaketa nagusiei buruz informazioa ematea da, eta neurri horiek buru gaixotasuna duten pertsonen eskubideetan dituzten ondorioak aztertzea.
 
Gotzone Astiasaranen ustez, gaur egun Kongresuan tramitatzen ari den erreformak nazioarteko araudia urratzen du; bai Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Konbentzioa eta baita Espainiako ordenamendu bera ere.Buru gaixotasuna dutenak eta senitartekoak ahalduntzeko apustua egiten du letraduak, beraien eskubideak defenda ditzaten; eta erreforma honek dakartzan estigma eta diskriminazioa identifikatzea ere aldarrikatzen du.
 
Euskal Herriko eta espainiar Estatuko elkarte-mugimenduak behin eta berriz aldarrikatu du ez dagoela erreforma-proiektua onesteko prest, buru gaixotasuna duten pertsonen eskubideei dagokienez atzerapausoa dakarrela irizten baitu.Hizlariak azpimarratzen du, besteren artean, testuak “buru gaixotasuna” “arriskugarritasunarekin” lotu eta segurtasun neurri luzagarriak modu zehaztugabean ezartzen dituela. Hau da, gaixotasun mentala duen pertsona batek diagnostikoa ez duen batek baino denbora gehiago preso egoteko bidea ematen du lege-testuak. Astiasarentzat, proposamen honek Konstituzioko berdintasunaren printzipioa hausten du.
 
Modu berean, lege-ekimen honen kontrako adierazpen ugari egin dituzte bai osasun arlotik, bai juridikotik. Ararteko berak salatu du Zigor Kodearen erreforma- proposamena “estigmatizatzailea dela eta hainbat printzipio konstituzionalen aurkako atzerapausoa dakarrela”.