Buru nahasmendua duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gakoak

Agifeseko gizarte-langile Verónica Pazosek buru nahasmendua duten pertsonen eta euren senideen bizi-kalitatea hobetzearen inguruan aritu zen martxoaren 25ean, Tolosako kultur etxean. 
 
Pazosek azaldu zuen moduan, buru osasun arazoa duten pertsonek zenbait zailtasun aurki ditzakete bizitza autonomoa eraman ahal izateko. “Pertsona batek oinarrizko beharrak asebeteta dituenean eta bere helburuak lortzeko gainontzekoen aukera berberak dituenean, bizi-kalitateaz gozatuko du”, ziurtatu zuen.
 
Era berean, arauak markatzearen eta mezu argiak ematen ikastearen garrantziaz ere hitz egin zuen. Familiarteko sistema sendo mantentzeko eta errekuperazioan aurrera egin ahal izateko, senideek beren buruak zain ditzaten ezinbestekoa da.
 
Horretarako, kolektiboaren eskubide eta aukeren berdintasuna bermatzeaz gain, pertsona hauen “parte-hartze aktiboaren alde jokatzea oso inportantea da, baita euren ahalmenak eta gizarteratzea sustatzea ere”, adierazi zuen Pazosek.
 
Azkenik, erabiltzailearen ongizatearen alde lan egiteko Agifesek dituen zenbait baliabide eta programa aurkeztu zituen hizlariak: aisialdi eta denbora libreko programa, senide eta zaintzaileentzako laguntza eta komunitatearen laguntza psikosozialerako programa, besteak beste.