Buru nahasmendua duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gakoak eskainiko ditu Agifesek Irunen

Agifeseko gizarte-langile Veronica Pazosek buru nahasmendua duten pertsonen eta euren senideen bizi-kalitatea hobetzearen inguruan arituko da azaroaren 15ean, ostegunean, Irunen. Saioa 18:30ean, Alde Zaharra – San Juan Auzo Elkartean, izango da.
 
Hasteko, Pazosek buru nahasmenduaren eta bizi-kalitateaz ulertzen dugunaren inguruan azalpena eskainiko du. Ondoren, buruko osasun arazoa duen pertsonaren eta bere senidearen egunerokotasuna hobetzeko hainbat kontzeptu landuko ditu: ahalduntzea, buru gaixotasuna duen pertsonak osatze prozesuan izan beharko lukeen konpromisoa, senideek gehiegizko babesa ez ematea edo gizarteratzea, besteak beste. Gainera, erabiltzailearen ongizatearen alde lan egiteko Agifesek dituen zenbait baliabide eta programa aurkeztuko ditu hizlariak. Horien artean nabarmenduko ditu aisialdi eta denbora libreko programa, senide eta zaintzaileentzako laguntza eta komunitatearen laguntza-programa psikosoziala.