Buru osasun arazoei aurre egiteko gakoak eskainiko ditu Agifesek Urretxun

Agifeseko psikologo Nerea Zubiaur-ek buru nahasmendua identifikatzeko eta kudeatzeko jarraibideak emango ditu apirilaren 16an, astelehenean, Urretxun. Saioa 18:30ean izango da, herriko kultur etxean
 
Psikologoak buru osasunak gure ongizatean duen garrantzia izango du hizpide, eta “nahasmenduren bat dagoela islatzen duten seinaleak identifikatzeko zailtasunak” ere aztertuko ditu. Hizlariaren iritziz, sufrimendu fisikoa antzematea eta medikura joatea erraza da, baina “depresioaren eta antsietatearen sintomak ezezagunagoak” dira. Gainera, indibidualki zein sozialki, “buruko osasun arazoei aurre egiteko eta laguntza eskatzeko zailtasun handiak ditugu”. Hori dela eta, hitzaldiak “buru osasunari dagokion garrantzia ematea” izango du helburu, psikologoaren hitzetan.