Buru osasun arazoei aurre egiteko garaian familiak duen paper garrantzitsuari buruzko hitzaldia antolatu du Agifesek Azpeitian

 

  • Iker Arrizabalaga Gipuzkoako elkarteko psikologoak horrelako arazoak kudeatzeko jarraibideak emango ditu, baita familientzako eskuragarri dauden baliabideak eta programak azaldu ere.
  • Agifeseko bazkide batek parte hartuko du saioan, bere semeari errekuperatze-prozesuan nola lagundu dion azaltzeko.

 

  • Izenburua: Familia eta buru osasuna. Familiak errekuperazio-prozesuan duen papera.
  • Data: Ekainak 8, asteartea
  • Lekua: Azpeitiko Basazabal jauregian
  • Ordua: 18:00
  • Hizlaria: Iker Arrizabalaga, Agifeseko psikologoa
  • Hizkuntza: Gaztelania

    *Eserleku mugatuak

 

Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoak buru osasun arazoei aurre egiteko garaian familiak duen paper nabarmenari buruz hitz egingo du ekainaren 8an. Hitzaldia 18:00etan hasiko da Azpeitiko Basazabal jauregian, eta buru osasuna ikuspegi integral batetik aztertuko du Arrizabalagak, familiak arazoaren konponbidean zeregin garrantzitsua duela ulertuta. Gainera, Agifeseko bazkide batek ere parte hartuko du saioan, bere semeari errekuperatze-prozesuan nola lagundu dion azaltzeko.

Osasun mentaleko arazo batek senitarteko bakoitzean eta familiaren dinamikan duen eragina aztertuko du Agifeseko familia-programaren arduradunak. Era berean, horrelako gaitz psikikoak agertzen direnean zer egin jakiteko jarraibideak eskainiko ditu. Gainera, familia osoarentzat eskuragarri dauden baliabideak eta laguntzak ezagutaraziko ditu, bai diagnostikoa duten pertsonentzat bai haien senideentzat.

 

Buru osasunaren zaindariak

Hitzaldi hau Agifesek abiarazi berri duen Buru osasunaren zaindariak kanpainaren baitan dago. Ekimenaren helburua da, hain zuzen, familiak eta gertukoek buru osasunaren zainketan duten garrantzia aitortzea.

Zalantzarik gabe, gizarte-, osasun- eta erakunde-esparruetatik eskaintzen ditugun buru osasuneko programak eta zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina. Hain zuzen, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren zutabe nagusietarikoa. Hori dela eta, familien rola azpimarratzeaz gain, haien zaintza eta ongizatea hobetzeko baliabide eta programa gehiago eskaintzearen alde lanean jarraitu behar dugu.

Kanpainaren informazio osoa, hemen

 

Kazetaritza sariak

Halaber, Agifesek 2021eko 'Kazetaritza eta Buru Osasuna' Sariak antolatu ditu, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko. Aurreko edizioetan bezala, egitasmo honen xedea buru-osasunaren inguruan kazetaritza lanak sustatzea eta saritzea da. Buru osasun arazoak dituzten pertsonen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lana nabarmendu nahi dugu, gizarte-sentsibilizazioan fokua jartzeagatik eta estigmaren aurka borrokatzeagatik.

Elkarteak asko atsegingo luke zuek lehiaketan parte hartzea. Sari hauek hedabideei eskerrak emateko sortu dira, buru osasuneko arazoen ikuspegi soziala normalizatzen laguntzeko eta osasun mentaleko arazoak dituztenen gizarteratzea sustatzeko ahalmen handia baitute.