Buru osasuna eta bizi-kalitatea hizpide izango ditu Agifesek Irunen

 
Agifeseko gizarte-langile Verónica Pazosek eta Agifeseko elkarrenganako laguntza programaren gidari Mikel Merinok buru nahasmendua duten pertsonen eta euren senideen bizi-kalitatea hobetzearen inguruan arituko dira otsailaren 28an, asteazkenean, Irunen. Saioa 18:30ean, Palmera Montero Auzo Etxean, izango da.
 
Hasteko, Pazosek buru gaixotasunaren eta bizi-kalitateaz ulertzen dugunaren inguruan azalpena eskainiko du. Ondoren, buru osasun arazoa duen pertsonaren eta bere senidearen egunerokotasuna hobetzeko hainbat kontzeptu landuko ditu: ahalduntzea, buru gaixotasuna duen pertsonak osatze prozesuan izan beharko lukeen konpromisoa, senideek gehiegizko babesa ez ematea edo gizarteratzea, besteak beste. Gainera, erabiltzailearen ongizatearen alde lan egiteko Agifesek dituen zenbait baliabide eta programa aurkeztuko ditu hizlariak. Horien artean nabarmenduko ditu aisialdi eta denbora libreko programa, senide eta zaintzaileentzako laguntza eta komunitatearen laguntza-programa psikosoziala.
 
Bestalde, Mikel Merinok Agifeseko elkarrenganako laguntza programan izandako esperientzia partekatuko du. Programa hau buru gaixotasuna izan eta gainditu duten pertsonek gidatutako proiektua da, antzeko arazoak bizi dituzten pertsonei laguntzeko helburuarekin. Proiektu honen gidari moduan, Merinok buru gaixotasuna izanda ere bizi-kalitatea eta bizi-proiektu esanguratsua eduki daitezkeela defendatuko du.