Buru Osasuna guztion eskura jarri du Agifesek gizarte sentsibilizazio kanpaina berriarekin

Agifesek sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du gaur, Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura lelopean. Horrela, Buru Osasunaren definizio berria proposatu du elkarteak, “guztiontzat baliagarria” den ikuspegia eta “pauso, keinu eta helmuga txikietan” oinarrituta dagoena. Gizartearen bizi-kalitatea hobetze aldera, burua zaintzearen garrantzia transmititu nahi du elkarte honek, bai banakako helburu bezala eta bai erronka kolektibo gisa.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek jakinarazi duenez, egun, 25.000 pertsona daude tratamenduan Gipuzkoan buru osasun arazoengatik. Gainera, 5.000 kasu berri erregistratzen ditu urtero Osakidetzak. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak adierazi du Buru Osasunaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta kolektibo honen errealitatea ezagutarazteko kanpaina guztiak “ongietorriak” direla. Horrez gain, aitortu du erakundeek ez dutela beti jakin izan Agifes bezalako elkarteen beharrei erantzuna ematen, eta irabazi-asmorik gabeko entitatea zoriondu du 1985etik egiten ari den lanarengatik.

Bestalde, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Agifesen lana eskertu du eta, mediku gisa ohartarazi du buru gaixotasuna duten pertsonek oreka lortzeko oso garrantzitsua dela ingurukoek informazio eta prestakuntza nahikoa edukitzea. Hori dela eta, gipuzkoar elkarteak eskaintzen dituen ikastaro, tailer eta hitzaldiak azpimarratu ditu.

Ruth Encinas Agifeseko gerenteak aditzera eman duenez, elkarteak gero eta eskaera gehiago jasotzen ditu. Iaz, zehazki, 2011an baino %8 pertsona gehiagori egin zion harrera. Senideei laguntza emateko programaren barnean 135 familiak parte hartu zuten, eta zifra hori ere urtez urte goraka doala baieztatu du elkarteko arduradunak. Aisialdi eta Denbora Libreko programari dagokionez, 40 erabiltzaile baino gehiago ditu egun.

Instituzioen kolaborazioa eskertu ostean, Encinasek onartu du “gero eta jende gehiago” datorrela laguntza eske Agifesera, baina krisialdiaren eraginez zailtasunak daudela plaza eta langile kopurua zabaltzeko. Agifesek kudeatzen dituen bederatzi etxebizitzetan dauden 50 plazak eta hiru errehabilitazio psikosozialerako zentroetan dauden beste 80 plazak guztiak  hartuta daude gaur egun.

Agifesek Benta Berrin daukan errehabilitazio psikosozialerako zentroko arduradun Nekane Azuabarrenak kanpaina berriaren xehetasunak eskaini ditu. Buru Osasunaren definizio ofizialik ez dagoela onartuta, berri bat proposatu du Agifesek; eguneroko lorpen txikiak nabarmentzen dituen ikuspegia. “Buru nahasmendu jakinik ez edukitzeak ez digu bizi-kalitate ona izatea ziurtatzen. Eta alderantziz, buru gaixotasunen bat edukitzek ez du eragozpena izan beharrik bizi-kalitate egoki batez gozatu ahal izateko”, aitortu du psikologoak. Beraz, “guztioi eragiten digu gaia da Buru Osasuna”.

 “Buru Osasuna bide bezala ulertzen dugu, eta ez helmuga bezala. Ez dugu zentratu nahi hobetzeko falta zaizkigun alderdi guztietan, baizik eta egunero, eta bakoitzak bere neurrian, eman ditzakeen pauso txikietan”, azpimarratu du Azuabarrenak, kanpainaren filosofia azaltzerakoan. Norbere pentsamenduak zaintzeko eta bizitzako plazer txikiez gozatzeko beharra ere nabarmendu du. Bestalde, komentatu du ezinbestekoa dela “geure bizitzako momentu batzuk beste pertsona batzuekin partekatzea”. “Oso kontziente izan behar dugu ezin gaitezkeela bakarrik hazi. Inguruko pertsonen konpainia eta babesa behar dugu geure oreka mantentzeko”. Azkenik, ingurukoei entzun eta ulertzen saiatzea” beharrezkoa dela ere jakinarazi du, Buru Osasuna “guztion erronka baita”. “Pertsona batek buru nahasmenduren bat daukanean edo sufritzen ari denean inoiz baino laguntza gehiago behar du”, gehitu du.

Elkarteko erabiltzaileak protagonista dituen bideo batekin egin diote kanpainari eta datozen hilabeteetan ikus-entzunezko berriak plazaratuko dituzte, profesionalen gomendioekin eta esperientzia pertsonalekin. Halaber, lehiaketak, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak ere antolatu dituzte.

Aurkezpen ekitaldia Agifeseko erabiltzailea den Patxi Martínezen hitzekin amaitu da. Gaixotasuna duela 30 urte diagnostikatu ziotela azaldu du eta jada bizitza normalizatua daramala kontatu du. Egun, bakarrik bizi da eta erabat integratua dago komunitatean. “Oso ongi sentitzen” dela esan du eta sentsibilizazio kanpainen garrantzia azpimarratu du. “Batez ere, gazteei zuzendutako egitasmoak behar ditugu, ez baitute ondo ezagutzen drogen eta buru gaixotasunaren arteko harremana”, gaineratu du.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.