Agifesek depresioa, suizidioa eta dolua jorratuko ditu Donostian burutuko dituen jardunaldietan

Bi egunean behin Euskadin, 2,5 orduro Estatuan eta 40 segundoro nazioartean pertsona batek bere buruaz beste egiten du. Datu kezkagarri horien aurrean, Agifesek suizidioaren gaiari heldu nahi izan dio depresioaren inguruko jardunaldien bigarren edizioaren. Urriaren 28an eta 30ean Donostiako udaletxean burutuko den topaketak lehen mailako hizlariak bilduko ditu, bere zailtasunak eta errekuperazio prozesuaren inguruko xehetasunak partekatuko dituen Edurne Pasaban alpinista kasu. ‘Depresioa, suizidioa eta dolua’ izenburupean, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak osasun mentalaren arloko profesionalak eta horrelako esperientziak gertutik bizi izan dituzten pertsonak elkartuko ditu astelehen eta asteazken arratsaldean, 18:00etatik 20:30era.  
 
Iaz burututako ‘Depresioa eta Estigma’ jardunaldien ostean, Agifesek depresioan jarriko du fokua berriro ere. Izan ere, gizonezkoen %9k eta emakumezkoen %17k sufritzen ditu depresioaren sintomak Euskadin. Buru nahasmendu honen kasuen hazkundearen ondorioz, elkarteak depresioa duten pertsonen ahalduntzea bultzatzeko ‘Zure harremanik zailena’ kanpaina jarri zuen martxan urte hasieran. 
 
Ordutik, asko dira Agifesera laguntza eske deitu duten pertsonak, eta behar horren eraginez, depresioa dutenei zuzendutako esku-hartze eta prebentzio ekintzak gauzatu ditu elkarteak 2019an zehar. Ildo horri jarraituz, Hurbildu programa egituratu du, sufrimendu psikikoa pairatzen ari direnengana iritsi ahal izateko gizarte-langileen, familiako medikuen, larrialdietako teknikarien eta Itxaropen Telefonoko langileen bitartez. Gizarte-eragile horien arteko lankidetzak depresioa edo bestelako arazo psikikoak dituzten pertsonen kasuak hautematen lagunduko du. Era berean, depresio sintomak dituzten pertsonei zuzendutako laguntza-zerbitzuak eskainiko ditu programak 2020tik aurrera: tailerrak, laguntza-taldeak eta banakako arreta psikologikoa, besteak beste.
 
Hizlariak
Jardunaldien inaugurazioan Donostiako alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak eta Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzetako zinegotzi ordezkari Aitziber San Romanek hartuko dute hitza. Bestalde, Andrea Gabilondo psikiatrak Euskadiko Suizidioaren Prebentziorako Estrategia aurkeztuko du eta Edurne Pasaban euskal alpinistak ‘Arrakastaraino espedizioa: helburuak lortuz eta zailtasunak gaindituz’ izeneko hitzaldia emango du.
 
Doluarekin eta gaixotasun larrien arretarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituen Bidegin elkarteko erizain, presidente eta fundatzaile Izaskun Andonegik eskainiko du asteazkeneko lehen hitzaldia, senideen doluaren eta suizidioaren mitoen inguruan. Gainera, suizidioaren ondorioz senidea galdu zuen Belen Peralesek bere esperientzia partekatuko du.
 
Sarrera doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute datu pertsonalak inscripciones@agifes.org email helbidera bidaliz edo 943 47 43 37 telefonora deituz. Izen ematea ez da nahitaezkoa baina bai gomendagarria aretoaren edukierarengatik.
 

Egitaraua

 
URRIAK 28, Donostiako Udala, 18:00 - 20:30: 
 
18.00 – 18.15 Eneko Goia eta Maite Peña: Ongietorria
18.15 – 18.25 Agifes: Jardunaldien aurkezpena 
18.25 – 19.00 Andrea Gabilondo (psikiatra): Euskadiko Suizidioaren Prebentziorako Estrategiaren aurkezpena
19.00 – 19.10 ATSEDENALDIA
19.10 - 20.10 Edurne Pasaban: “Arrakastaraino espedizioa: helburuak lortuz eta zailtasunak gaindituz”
20.10 - 20.30 Hizlariei zuzendutako galderen txanda
 
 
URRIAK 30, Donostiako Udala, 18:00 - 20:30: 
 
18.00 – 18.10 Agifes. Hurbildu programaren aurkezpena: sufrimendu psikiko egoeran dauden pertsonei eta depresio sintomak dituztenei zuzendua 
18.10 – 19.10 Izaskun Andonegi (Bidegin): "Suizidioaren ondorengo dolua: mitoak hausten, kontzientzia eraikitzen” 
19.10 a 19.20 ATSEDENALDIA
19.20 – 20.00 Belen Perales: “Zure suizidioaren ondoren” 
20.00 - 20.30 Hizlariei zuzendutako galderen txanda