Adin txikikoei, gazteei, emakumeei, adinduei eta landa-eremuetako herritarrei eskaintzen zaien osasun mentaleko arreta hobetzeko apustua egin du Fedeafesek

Fedeafesek gaur aurkeztu du, Gasteizen, EAEn buru nahasmendua duten pertsonen kolektiboari zuzendutako baliabide soziosanitarioen eskaintzari buruzko azterlana. Guztira, 3000 familia eta 9000 pertsona baino gehiago ordezkatzen dituen entitatearen presidente María Ángeles Arbaizagoitiak adierazi du ikerketa honek helburu duela administrazioen eta sektore sozial eta sanitarioaren arteko hausnarketa bateratua sustatzea. Bestalde, Fedeafeseko gerente María José Canok azpimarratu du beharrezkoa dela osasun arreta hobea eskaintzea haur eta nerabeei, emakumeei, diagnostikorik gabeko pertsonei eta landa-inguruneetan bizi direnei, baita buru gaixotasuna duten pertsonen zahartzeari erantzuna eman ere.

Europa kongresu-jauregian burututako ikerketaren aurkezpen ekitaldian hitza hartu dute, gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Osasun sailburu Nekane Murgak. Artolazabalen iritziz, “ikerketa zabaldu behar da gaixotasun mentalak dituzten pertsonen arretaren eremuan eta, horretarako, ekimen berritzaileak sortu, ahal den neurrian osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen autonomia babestu eta, gizarte-zerbitzuen eremuan eta osasun-eremuan, etxeko arreta sustatu behar da, are gehiago, teknologia berriak erabiliz. Etxea zentro soziosanitario bilakatu behar da, kanpotik laguntza duena, batik bat zaintzaileentzako laguntza”, nabarmendu du. Era berean, “koordinazio soziosanitarioa” bultzatzearen alde agertu da, “zaintzen osotasunetik eta jarraipenetik abiatuta”.

Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak duela gutxi onartu den gobernamendu soziosanitarioaren antolamendua aipatu du, administrazioak, gobernuz kanpoko erakundeak eta profesionalak inplikatzen dituena. “Eredu hori oraintsu onetsi du Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak, eta orain Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailak eta Osasun sailak zuzenduko duten araudi-garapenean zehaztu behar da”. Murgak, halaber, baliabide eta esku-hartze soziosanitarioen katalogoa idazten ari direla jakinarazi du, gizarte- eta osasun-zerbitzuen zorroetatik abiatuta sustatu beharreko eta, hala badagokio, garatu beharreko baliabideen ikuspegi eguneratua izateko.

Landa-eremuak

Ildo horretatik, María José Canok bizitza autonomoa sustatzeko zerbitzuak indartu behar direla defendatu du, bizi-kalitatea, gaitasunen suspertzea eta banakako arreta bezalako faktoreetan oinarrituz. Kezkatuta agertu da, halaber, “landa-eremuetan zerbitzuetara iristeko mugak” daudelako. Gune horietan garraio zerbitzu egokitua bermatu beharko litzatekela adierazi du, eta lantalde profesional ibiltariak sortu beharko liratekeela. Gainera, “mugan dauden zonetako arreta malgutzea” eskatu du, bertako pertsonek gertuen dituzten zerbitzuak baliatu ditzaten, nahiz eta euren probintziakoak ez izan”. Fedeafeseko arduradunak ziurtatu du ezinbestekoa dela guraso edo zaintzaile adinduak dituzten pertsonei babesa ematea, euren komunitatean eta etxean bizitzen jarrai dezaten, senideek euren zaintzaren kargu egin ezin direnean edo haien heriotza gertatzerakoan.

Emakumeak

Emakumeen kolektiboak ere arreta berezia izan du azterlanean, oztopo ugari izaten baititu emakume izateak eta buru nahasmendua edukitzeak dakarren “diskriminazio anizkoitzaren” ondorioz. Emakumeok genero-indarkeriaren biktima dira portzentaje altuan; bikote-harremanean izan direnen %80k indarkeria-motaren bat sufritu du bizitzan zehar, eta “zailtasun handiak izaten dituzte emakumeen harrera-etxeetan sartzeko”, baliabide horiek ez baitaude kasu horiei arreta emateko prestatuak. Baliabide soziosanitario eta okupazionaletan ere aldea nabari da gizonezkoen eta emakumezkoen artean, “emakume baino gizon nabarmen gehiago” baitaude eremu horietan. “Emakumea etxean geratzea, babestuta, eta etxeko zaintza-lanak beregain hartzea normalizatuagoa” dagoela baieztatu du Canok.

Diagnostikorik gabeko pertsonak

Bestalde, Canok diagnostikorik ez duten pertsonekin proaktiboagoak diren zerbitzuak sortzea proposatu die buru osasun arazoak dituzten pertsonen arretan zerikusia duten eragileei. Honi lotuta, kale-psikiatriaren alde agertu da, etxerik ez duten pertsonei zuzendua dagoena eta EAEko lurralde guztietan ezarri litekeena. Ikerketaren ondorioetan aipatu den beste ardatzetako bat adingabeak artatzera zuzendutako baliabide gehiago eskaintzea da. Izan ere, gero eta kasu gehiago agertzen dira haur eta nerabeen artean. Aholkatu diren beste ekintzetako bat heziketan eta lehen mailako arretan prebentzioa handitzea izan da. Horrez gain, eguneko zentroetan haurrentzako eta nerabeentzako lekuak erreserbatzea ere proposatu du Canok, baita heziketa espezifiko baten bitartez familiei laguntza eskaintzea ere.

Drogak

Fedeafeseko gerenteak nortasun nahasmendua eta droga-mendekotasuna dutenen arreta hobetzeko beharra azpimarratu du. “Baliabide gehienak nahasmendu kronikoak dituztenei zuzenduak daude, inguru normalizatuago batetik datozenei, hain zuzen”. Horregatik, pertsona hauek artatzeko profesional espezializatuen zerbitzuak beharrezkoak direla aldarrikatu du Canok.

Laneratzea

Era berean, lan munduan txertatzeko laguntzak indartzearen alde apustu egin du Fedeafesek. “Beharrezkoa da zentro okupazionaletatik babestutako enpleguetara edo normalizatuetara bidea erraztea. Aldi berean, enplegura moldatu ezin izan direnei eremu okupazionalera bueltatzeko erraztasunak eskaintzea ere garrantzitsua da”. Senideen atsedenaldiak hobetzea eta aisialdi egitarauak indartzea ere proposatu dute, buru osasun arazoak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetze aldera.

Bestalde, Ede Fundazioko ikertzaile Arantza Remirok ikerketan erabili den metodologiaz mintzatu da. Agifes, Asafes eta Asasam elkarteen laguntzarekin eta osasun nahiz gizarte-zerbitzuen alorretako 34 profesionalen parte-hartzearekin landutako azterlanak Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Giza Politikako sailaren nahiz Osasun sailaren laguntza izan du. Remirok azpimarratu duenez, bereziki deigarria izan da kolektiboaren ikusezintasunaz jabetzea, bai gizartean eta bai ikerketaren oinarri gisa erabili diren txosten eta memorietan.