Fedeafesek laguntza espezifikoak eskatu ditu haur eta gazteei arreta emateko, buru osasuneko arazoen intzidentzia gero eta handiagoa delako

 

Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, gaur, urriak 18, aurkeztu duen azterlanarekin batera jakinarazi du EAEko haur, nerabe eta gazteen buru osasuneko arazoak areagotzen ari direla. Euskal erakundeak, berau osatzen duten elkarteekin batera (Agifes, Asafes, Avifes eta Asasam) landutako txostenak egiaztatu du pandemiak buru nahasmenduak larriagotu egin dituela.

Hain zuzen ere, haur eta gazteen ospitaleratze-unitate batzuetan nerabeen ospitaleratze psikiatrikoak % 50 handitu dira 2020ko lehen bost hilabeteak 2019ko aldi berarekin alderatuz gero, ikerlanaren exekuzio teknikoaz arduratu den EDE Fundazioko Aymar Rubio ikerlariak adierazi duenez.

‘Buru osasun arazoak EAEko haur, nerabe eta gazteen artean. Beharren eta arreta-baliabideen azterketa’ izenburudun azterlanak emandako datu kezkagarrienetako bat elikadura-nahasmenduei dagokiona da: batez ere emakume nerabe eta gazteei eragiten dieten arazo horiek hirukoiztu egin dira konfinamenduaren ondorioz. 2020ko irailetik aurrera, gaixotasun horri lotutako ospitaleratze-eskaera inoiz baino handiagoa izan dela jakinarazi dute osasun-zerbitzuek.

María José Cano Fedeafeseko gerenteak adin txikikoei eta gazteei zuzendutako arretaren jarraitasuna bermatzeko beharra nabarmendu du. Hau da, egoera kritikoetara mugatuko ez den etengabeko arreta eskatzen die osasun-zerbitzuei, eta jokabide-arazoak dituzten adingabe eta gazteentzako euste-baliabideen premia azpimarratu du, bai eta hezkuntza-arloko profesionalei prestakuntza eskaintzeko beharra ere, osasun mentaleko arazoen alerta-zantzuen aurrean modu eraginkorrean erantzun ahal izan dezaten.

“Asko dira hautemandako beharrak eta erronka berriak, eta espero dugu lan honek adingabeei eta gazteei ematen zaien arreta hobetzeari buruz hausnartzeko balio izatea”, adierazi du María Ángeles Arbaizagoitiak, 3.000 familia eta 12.000 pertsona ordezkatzen dituen Fedeafes federazioko presidenteak.

Zifrak

Euskadiko federazioa kezkatuta dago haur eta gazteen buru osasunarekin, eta “arreta handiagoa eta laguntza espezifikoak” behar dituztela adierazi du María José Cano Fedeafeseko gerenteak. Aymar Rubiok ziurtatu duenez, bereziki deigarria da buru osasun zerbitzuak gero eta kontsulta gehiago jasotzen ari direla ikastetxeetatik, 9 urtetik beherako ikasleen arazo psikikoen inguruan.

Bestalde, ikasgeletara itzultzeak antsietate- eta depresio-kasuak areagotzea ekarri du, eta suizidio-tasa da, oraindik ere, biztanleria-talde horren inguruko kezka nagusietako bat, 15-29 urte arteko gazteen heriotza-kausa nagusia baita. Eustaten arabera, 29 urtetik beherako 76 adingabe hil dira 2015 eta 2020 artean Euskadin, buruaz beste eginda.

Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldian, haur eta gazteen buru osasunaren alde esku hartzen duten arlo profesionaletako ordezkariak (osasuna, hezkuntza eta esparru soziala), hirugarren sektorekoak eta erakunde publikoetakoetakoak bildu dira, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak diruz lagundutako azterlan horren ondorioak eta proposamenak ezagutzeko.

Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak osasun mentalarekin duen konpromisoa azaldu du. "Buru osasuna ezinbesteko eskubidea da, eta benetakoa eta eraginkorra izatea lortu behar dugu", adierazi du. “Fedeafesekin elkarlanean dihardugu eta hala jarraituko dugu, buru osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea xede duten proiektu eta azterlanak bultzatzeko”, baieztatu du. Era berean, txosten berriaren emaitzak eta dokumentuaren erabilgarritasuna azpimarratu ditu: “Erakundeoi lagungarria izango zaigu buru osasunarekin loturiko beharrei gero eta erantzun hobea emango dieten politikak diseinatzen jarraitzeko”.

Osasun Saileko Koordinazio Soziosanitarioko zuzendari José Antonio De la Ricak nabarmendu du gizarteak “erresilientzia eta indar handia” erakutsi dituela pandemiaren aurrean. Halaber, adineko pertsonen eta adingabeen zaurgarritasun egoera aipatu du. De la Ricak jakitera eman duenez, anbulatorioetako kontsultak asko hazi dira, eta haur eta gazte gehiago bideratzen ari dira hezkuntza-sistematik pediatriara. Larrialdi-zerbitzuak baliatzeko maiztasuna ere handitu egin dela ezagutarazi du. Bestalde, adin txikikoen eta gazteen ospitaleratze kopuruak gora egin duela esan du, eta kasuen larritasuna nahiz goiztiartasuna ere areagotu egin direla.

De la Ricak mahai gainean jarri ditu Euskadiko buru osasunaren sareak egindako azken aurrerapausoak, eta adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela “gizarteak, zerbitzu soziosanitarioen erabiltzaileek, hezkuntza-esparruak eta abarrek esan beharrekoa entzuteko”. Hala, Fedeafesek egindako lana txalotu du: “Entzuteko eta hausnarketa egiteko gaude hemen”, amaitu du.

Premia nagusiak

Fedeafesen azterlanak adierazten du beharrezkoa dela haur eta gazteei laguntza psikologikoa emateko zerbitzuak eta baliabideak areagotzea. Horretarako, zerbitzu publikoetan psikologiako profesional gehiago behar direla aldarrikatu dute. Gainera, Canok azpimarratu du oso garrantzitsua dela haur eta gazteen psikiatrian eta psikologian espezializatzearen aldeko apustua indartzea; izan ere, arlo hori ez da espezialitate gisa aitortu Estatuan duela gutxira arte, Canok deitoratu duenez.

Euskal federazioak kolektibo horri etengabeko babesa ematea eskatzen du. “Larrialdiko kasuetan artatzen dituzte, baina, ondoren, arretaren jarraitutasuna ez da nahikoa hautemandako premiei erantzuna emateko. “Une oso kritikoetan ez ezik, modu jarraituan behar dute laguntza: bitarteko baliabideak, eguneko ospitaleak hiru lurraldeetan eta dagoeneko dauden baliabideetan plaza gehiago behar dira, baita etxez etxeko laguntza ere”, Canoren hitzetan. Kasu larrietan, egonaldi ertain edo luzeko euste-baliabideen beharra ere antzeman dute.

Hezkuntzaren esparruan, azterlanak erakusten du laguntza espezializatuak behar direla jokabide-arazoak dituzten adingabeentzat, eskola-atzeratasuna saihesteko eta krisi-egoeren aurrean erantzun eraginkorrak izateko. Canok baieztatu duenez, beharrezkoa da “ikasgeletako giro emozionala zaintzea eta irakasleentzako prestakuntza-ekintzak garatzea, adingabeekin enpatia eta eraginkortasun handiagoz jardun dezaten”. Osasun mentalarekin lotutako prebentzio-ekintzak garatzeko premia ere antzeman dute.

Arreta-arlo nagusien artean, patologia duala berariaz jorratzea aipatzen da, bai eta ikasgeletan prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak gauzatzea ere, suizidioaren errealitateari aurre egiteko. Halaber, gizarte-zerbitzuetan buru nahasmendua duten gazteentzako baliabide gutxi daudela hauteman dute, eta buru osasuneko elkarteetan gazteentzako aisialdi-programak sortzea proposatu dute.

Familiak

Buru osasuneko arazoak dituzten adingabeen eta gazteen familiek ere laguntza espezifikoak behar dituzte, hala nola laguntza psikologikoa eta terapeutikoa, euren artean buru nahasmendurik agertzea ekiditeko. Eskura dauden baliabideei buruzko informazioa ere helarazi behar zaiela nabarmendu dute.

Familien handicap handienetako bat enplegua eta zaintza-lana uztartzeko zailtasuna da. Azterlanak jasotzen duenaren arabera, normalean, familiek lanpostua utzi behar izaten dute; beren asmo profesionalei amaiera eman edo lanaldi erdiko lana bilatu behar izaten dute, osasun mentaleko arazoak dituzten seme-alabak zaintzeko. Horregatik, “benetako kontziliazio eraginkorra lortu behar da. Premia hori bereziki garrantzitsua da larrialdi-kasuetan edo krisi baten ondoren, gurasoek denboraldi jakin batez beren seme-alabekin egon behar dutenean”, aditzera eman du Canok.

Fedeafesen ikerketak nabarmendu du, gainera, hezkuntza-komunitatearen laguntza eta enpatia garrantzitsuak direla, batzuetan senide horiek guraso txartzat hartzen baitira.

  • Nerabeen ospitaleratze psikiatrikoak % 50 igo dira haur eta gazteen ospitaleratze-unitate batzuetan 2020ko lehen bost hilabeteak 2019ko aldi berarekin alderatuz gero, eta elikadura-portaerarekin loturiko nahasmenduengatiko ospitaleratzeak hirukoiztu egin dira konfinamenduaren ondorioz.
  • Fedeafesek arreta jarraitua eskatzen die osasun-zerbitzuei, egoera kritikoetara mugatuko ez dena; eta jokabide-arazoak dituzten adingabe eta gazteentzako euste-baliabideen premia azpimarratu du, bai eta hezkuntza-arloko profesionalei prestakuntza eskaintzeko beharra ere, osasun mentaleko arazoen alerta-zantzuen aurrean modu eraginkorrean erantzun ahal izan dezaten.
  • Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak ohartarazi du buru osasuneko zerbitzuak gero eta kontsulta gehiago jasotzen ari direla ikastetxeetatik, 9 urtetik beherako ikasleen buru osasuneko arazoen inguruan.