Fedeafesek buru gaixotasuna duten emakumeen jabetzea aldarrikatzen du, diskriminazio “bikoitza” jasaten baitute

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) “eritasun psikikoa duten emakumeek diskriminazio bikoitza” jasaten dutela ikusarazi nahi du; izan ere, “patologia horien nahiz euren generoaren inguruan estigma soziala” dago. “Denbora luzez, genero-ikuspegia buru osasunarekin loturiko gaietatik baztertua izan” dela nabarmendu dute. Errealitate horren aurrean, Fedeafesek eta bere lau elkarteek (Avifes, Agifes, Asafes eta Asasam) generoa euren jarduera-eremuan pixkanaka lantzen joateko prozesu bati ekin diote, parekidetasunari buruzko ikerketa batetik abiatuz.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlan horren emaitzek agerian uzten dutenez, Fedeafesek eskaintzen dituen zerbitzu eta programetan gizon kopuru bikoitza dago, emakumeekin alderatuz. Familien papera ere nabarmentzen dute, eta euren sentsibilizazioa landu behar dela diote, “gaixotasun mentala duen senidearen parte-hartze sozialaren garrantziaz jabetzeko, bereziki enpleguaren arloan”. Horrez gain, jakinarazi dute buru osasun arazoa duten emakumeek “ahalduntze-maila baxua” dutela, eta, horrenbestez, zaila egiten zaiela “eskubideak dituztela sinestea”. Emakumeen partaidetza-maila eskasa enpleguaren arloan nabari da gehien.
 

Emakume zaintzaileak

Buru gaixotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten emakumeen rola ere aztertzen du ikerlanak, eta familiei zuzendutako zerbitzuetan gehienak emakumezkoak direla nabari da. Hala ere, “azken urteotan gero eta gizonezko zaintzaile gehiago agertzen ari direla antzematen da”. Bestalde, “emakume zaintzaile gehienak sufrimendu handiko egoerak” bizi izan dituztela edo bizitzen ari direla jakinarazi dute, “seme edo alabaren gaixotasunaren errudun direla sentitzen dutelako”.
 
Azterlanaren arabera, buru gaixotasuna duen pertsona bati etengabe zaintzeak osasun arazoak eragiten dizkie zaintzaileei, eta atsedenaldiak edo zainketa-lanerako laguntzak eskaintzera zuzendutako baliabideak “ez dira nahikoak”.
 

Azterlanaren aholkuak

Fedeafesetik azpimarratu dute buru gaixotasuna duten emakumeen jabekuntzarako tailerrak, ikastaroak eta taldeak antolatu behar direla, euren parte-hartze soziala eta laneratzea ahalbidetzeko, batik bat tradizionalki gizonen esparrua izan diren eta lan-eskaintza zabalagoa duten sektoreetan. Senideei bideratutako prestakuntza-ekintzak ere beharrezkoak dira, nahasmendua duen familiartekoa gehiegi babes dezaten ekiditeko.
 
Gainera, euskal federaziotik aldarrikatzen dute emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten erakundeek euren politiketan kontuan izan ditzatela buru gaixotasuna duten emakumeen behar espezifikoak, eta baliabide eta zerbitzuak kasu horietara egokitzea
 
Beste helburuetako bat da “emakume eta gizonezkoen parekidetasuna lantzen duten erakundeak sentsibilizatzea, buru gaixotasuna duten pertsonen zainketarako baliabide publikoak areagotzearen beharraz ohartu daitezen, eta arlo honetan elkarren arteko erantzukizun soziala bultzatzea”.
 
Zainketarekin loturiko programetan gizonek parte har dezaten sustatzea ere proposatzen dute. Zehazki, gizon taldeak sortzea eta, maskulinitate berrien ikuspegitik, zainketaren etikari lotutako balioak barnera ditzaten bultzatzea planteatzen dute.
 

‘Buru Osasuna eta Emakumea’ kanpaina

Emakumeen sentsibilizazioa eta jabekuntza sustatzeko, ‘Emakumea eta Buru Osasuna’ kanpaina jarri du martxan Fedeafesek. Besteak beste, informazio-liburuxkak landu dituzte, azterlanak hainbat arloen inguruan jasotzen dituen ondorioak eta aholkuak ezagutarazteko. Liburuxkak Euskadin banatu dituzte, baita gizarte-zerbitzuekin, osasunarekin, hezkuntzarekin nahiz enpleguarekin loturiko zenbait erakundetan ere, berdintasunaren alde sentsibilizatzeko.
 
Kanpaina honen baitan gauzatutako ekintzen barne, zineforum saioa eskaini zuten Zaballako espetxean, martxoaren 2an, gaixotasun psikikoa duten emakumeei eta gainerakoei ahalduntzen laguntzeko. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailaren nahiz Emakunderen babesa du kanpaina honek.
 
  • Fedeafeseko emakume eta gizonek parekidetasunaren aurrean duten egoeraren diagnostikoa. Deskargatu
  • Emakumeen jabekuntzari buruzko triptikoa. Deskargatu