Fedeafesek Zigor Kodearen erreforma-proposamena salatu du, buru gaixotasuna dutenen eskubideak “urratzen” dituelako

  Fedeafes buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak Zigor Kodearen erreforma-proposamena salatu du, buru gaixotasuna duten pertsonen eskubide konstituzionalak “urratzen” dituelako. Bihar ospatuko den Buru Osasunaren Munduko Eguna dela eta, sektoreko euskal elkarteek gaur prentsaurrekoan aurkeztutako aldarrikapen nagusietarikoa da hori.

Proposatutako arauak “arriskugarritasuna” eta “buru gaixotasuna” lortzen ditu, eta ikuspegi “erabat okerra” dela ohartarazi dute, “ez delako errealitatera egokitzen”. Ikuspuntu horretatik abiatuz, mugarik gabe luza daitezkeen segurtasun neurriak ezartzen ditu legeak, aditzera eman dutenez. Fedeafeseko presidenteorde Fernando Larrañagak jakinarazi duenez, “delituzko ekintza beraren aurrean, gaixotasun mentala duen pertsona batek diagnostikoa ez duen batek baino denbora gehiago preso egoteko bidea ematen du proposamen horrek; eta, beraz, berdintasunaren printzipio konstituzionala urratzen du”. Larrañagak aditzera eman duenez, “legea Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Konbentzioarekin kontraesanean dago. Hitzarmen hori espainiar Estatuak 2008an berretsi zuen eta derrigorrez bete beharrekoa da”. Hori dela eta Fedeafesek bat egin du Espainiako elkarteen mugimenduarekin eta Arartekoarekin, “prebentzioa eta kolektiboaren birgizarteratzea eta errekuperazioa” bermatuko duen lege berriaren alde apustu egiteko.
 
Gaur goizean Gasteizen egin den ekitaldia babestu dute exekutibo autonomikoko eta foraleko ordezkariek. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Guillermo Viñegrak deitoratu du “nahasmendu psikikoa duten pertsonen garapenean eta errekuperazioan oztopo handienetarikoa” dela estigma. Estatuko elkarte-mugimenduak hautatutako leloaren harira, “Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz”, Viñegrak azpimarratu du “buru gaixotasunaren ezagutzara eta kolektiboarekin elkartasunez jokatzera ireki” behar garela.
 
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Iñigo Pombok Fedeafesek EAEko estigmari buruz egindako ikerlana aipatu du, eta bertan “guztiok errepasatu beharreko ondorioak” agertzen direla nabarmendu du. Euskal exekutiboko ordezkariak estigma deuseztatzeko “elkarlan eredua” artikulatu behar dela onartu du, administrazioen eta sistema sozial eta sanitarioaren artean. 
 
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Paloma Arancetak defendatu du alderdi guztietatik, instituzionaletik eta sozialetik, lanean jarraitu behar dela “begiradak aldatzeko eta aurreiritziak bertan behera uzteko; izan ere, aurreiritzi horiek buru gaixotasuna bera baino oztopo handiagoa dira pertsonaren errekuperazio prozesuan”.

Lan aukerak eta errekuperazioa arlo komunitarioan

“Buru gaixotasuna duten pertsonak, desgaitasuna dutenen artean, lan munduan sartzeko zailtasun gehien dutenak dira”. Horrela jakinarazi du María Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, “nahasmendu psikikoa duten pertsonen soilik %15k du lanpostua”. “Lan babestuko programak abian jarri ditzaten eskatzen dugu. Izan ere, lanak buru gaixotasuna duten pertsonen bizitza normalizatzen laguntzen du”, aldarrikatu du.
 
Elkarte-mugimenduaren eskaera garrantzitsuenetarikoa da, halaber, “pertsonak euren gertuko ingurunean barneratzea helburu duen esku-hartze eredu komunitarioa” bermatzea. “Pertsona horiek euren komunitatean bizi eta gara daitezen bultzatzeko, ezinbestekoa da baliabide eta laguntzetan inbertitzea”, esan du Arbaizagoitiak. Eredu horrek “pertsonaren duintasuna errespetatu eta estigma sozialari aurre egiten laguntzen du. Gainera, buru gaixotasuna normalizatzeko lagungarria da, gizarteak beste eritasunen moduan ikus dezan ahalbidetzen baitu”, erantsi du. Esku-hartze eredu hori errekuperazioarentzat mesedegarria izateaz gain, “gastu publikoak txikiagotu egingo lituzke, partida garestienak asko murriztuko liratekeelako: ospitaleratzeak eta larrialdi zerbitzuak kasu”.
 
3.000 familia eta 9.000 pertsona biltzen dituen euskal federaziotik administrazioari eskatu diote “lan-mahaia eta behatokia sortzeko, estigmaren jarraipena egin eta berau gainditzeko ekintzak gauzatu eta emaitzak neurtuko dituena”, adierazi du Arbaizagoitiak.

Buru Osasunaren inguruko jardunaldia Laudion

Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira antolatutako ekintzen artean, urriaren 18an festa giroko jardunaldia egingo da Laudion, erakundeen babesarekin. Musika emanaldiak, standak eta proiekzioak egongo dira, besteak beste, eta bertan izango dira hiru lurraldeetako hainbat elkarte. Egitasmoaren helburua kolektiboa ikusaraztea da, eta buru gaixotasunaren ikuspegi normalizatua eskaintzea.