Gazteen eta haurren buru osasun arazoak artatzeko politikak eta baliabideak eskatu ditu Fedeafesek

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak (Fedeafes) “gazteen eta haurren buru osasun arazoak artatzeko baliabide gehiago” eta arazo honi aurre egiteko politikak indarrean jartzea eskatu du gaur, Donostiako Udalan egindako ekitaldi batean. ‘Hezkuntza inklusiboa, buru osasun positiboa’ lelotzat duen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Fedeafeseko presidente Maria Angeles Arbaizagoitiak, euskal elkarteetako ordezkariak ondoan zituela, kolektiboaren beharrak aldarrikatu ditu Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien aurrean.
 
Fedeafeseko presidente Arbaizagoitiak gaurko ospakizunaren garrantzia azpimarratu du, buru osasunarenganako arreta, kolektiboarenganako sentsibilizazioa eta buruko nahasmendua duten pertsonenganako politikak aldarrikatzeko eguna baita. Zentzu horretan, aurtengoa leloari eutsi dio hezkuntza sistemaren eta instituzioen inplikazioa eskatzeko, gazteriaren buru nahasmenduen prebentzioan, detekzioan eta berehalako arretan. Gainera, buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko estrategia baten beharra nabarmendu du; kolektiboaren estigmaren ezabapena eta gazteen suizidioen prebentzioa bereziki azpimarratuko duen estrategia.
 
Arbaizagoitiak adin tarte horretan suizidioaren arazoa ekiditearen garrantzia adierazi du umeek eta gazteek jasaten duten depresioaren, bullyingaren, genero indarkeriaren eta sexu-abusuen berehalako detekzioaren bitartez. Horrez gain, gazteenek pairatzen dituzten arazo horiek artatzeko politikak eta baliabideak edukitzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Estatuko Osasunaren Aldeko Konfederazioaren datuen arabera, helduak garenean garatzen ditugun buru osasun arazoen %50 hasten dira 15 urte bete baino lehen, eta %75 18 urteak baino lehen. Arbaizagoitak salatu du instituzioengandik arreta egokia jasotzen ez duen buru nahasmendua duen gazte ugari dagoela.  
 
Donostiako alkate Eneko Goiak euren “lan ordezkaezina” eskertu die buru osasunaren alde lan egiten duten elkarteei eta “buru osasuna herri honen gainditu gabeko irakasgaia” dela onartu du. Hirugarren sektorearen lana ere aintzat hartu du eta gaurko ospakizunaren garrantzia azpimarratu du “tabutzat dugun arazoa ikusarazteagatik” eta kolektiboaren normalizazioaren norabidean emandako pausoengatik.
 
Bestalde, Arartekoaren ondoko Julia Hernandezek Fedeafes zoriondu du bereziki buru osasun arazoa duten emakumeek jasaten duten indarkeria ikusarazteko egindako lanagatik, eta hezkuntzan inbertsioa egitea eskatu du. “Denontzako hezkuntza batean inbertitzea lortzen ez badugu, oso zaila izango da berdintasunaren aldeko gizarte solidarioa lortzea”, gehitu du. 
 
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak gogorarazi du Gipuzkoako biztanleen kopuru altu batek duela buru nahasmendua eta, zentzu horretan, diputazioak kolektibo honekin duen konpromisoa berretsi du. Diputazioaren programek eta baliabideek “ingurune normalizatuan arreta egokia” eskaintzen dutela adierazi du “gizarte duin eta inklusiboa eraikitzeko urratsak” emanez. Peñak elkarlana eta erantzukizun kolektiboa defendatu ditu, eta “hirugarren sektorearen lana ezinbestekoa” dela  gaineratu du “buru nahasmendua duten pertsonen egunerokotasunean” parte hartzen dutelako.
 
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte eta Osasun arloko koordinatzaile Jose Antonio de la Ricak “hezkuntza inklusiboa eta dibertsitatea kontuan hartzea gizartearen erantzukizuna” dela eta “gizarte osasuntsua eraikitzeko” ezinbestekoa dela azaldu du. Zentzu horretan, Osasun Sailak Hezkuntza Sailarekin batera garatzen ari den proiektuaren berri eman du, ikasleen artean buru osasun positiboa sustatzeko helburuarekin. Bukatzeko, de la Ricak horrelako egitasmoek gizartean eragiten dutela eta buru nahasmenduek duten estigmaren aurkako borrokan baliagarriak direla adierazi du.
 
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albenizek nabarmendu du “kolektibo guztien elkarlanaren beharra buru nahasmendua duten pertsonen integrazio erreala zein benetan inklusiboa izango den gizartea lortzeko”. Artolazabalek buru osasun arazoa duten pertsonen beharrak entzutearen garrantzia azpimarratu du, bereziki gazteen kasuan, sektore publikoaren eta hirugarren sektorearen arteko elkarlanaren bitartez. Euskal sistema “eredugarria” bada ere, “kolektiboaren integrazio osoa lortzeko asko falta” dela eta elkarrekin egindako lanaren bitartez “hobetzen jarraitu behar” dugula gaineratu du.

Adierazpenaren irakurketa eta koloretako aterkien irekitzea 

Ekitaldiaren ostean, bertaratuak Donostiako bulebarrera gerturatu dira hiritar guztioi irekia izan den kontzentrazioan parte hartzera. Bertan, Fedeafeseko buru nahasmendua duten pertsonen batzordeko kideek hezkuntza inklusiboa eta buru osasun positiboa aldarrikatzen duen Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren adierazpena irakurri dute. Gainera, kolektiboko kideen elkarretaratzea egin da, koloretako aterkiekin, eta ekitaldia girotzeko musika egon da.
 
Fedeafesek EAEko 3.000 familia eta 12.000 pertsona baino gehiago ordezkatzen ditu. Honako elkarte hauek osatzen dute: AGIFES (Gipuzkoa), ASAFES (Araba), ASASAM (Aiaraldea) eta AVIFES (Bizkaia).