Iñaki Subijana: “Zigor Kodearen erreforma-proiektuak berritasun oso kritikagarriak dakartza”

 
Iñaki Subijanak, Gipuzkoako Auzitegiko presidenteak, Zigor Kodearen erreforma proiektuak berritasun “oso kritikagarriak” jasotzen dituela uste du. Bere aburuz, buru nahasmendua arriskugarritasunarekin lotzea “oker” dago; izan ere, ikerketa kriminologikoen arabera, patologia mentalak dituzten pertsonek ez dute indarkeriazko kriminalitaterako joera handiagorik.  

Zein iritzi duzu Zigor Kodearen erreforma-proiektuari buruz?

Buru nahasmenduaren tratamenduari dagokionez, berritasun oso kritikagarriak dakartza, segurtasunean oinarritutako zuzenbide penala indartzen baitute. Honakoak azpimarratuko nituzke: arriskugarritasun kriminalaren presuntzioak sendotzea; zigorra bete ostean aplikatzen diren segurtasun neurriak zabaltzea; eta azkenik, zehaztugabeko iraupena duten segurtasun neurriak ezartzea, beharrezko egiaztapen enpirikorik egin gabe. 

Zer iruditzen zaizu “arriskugarritasun” kontzeptua buru nahasmenduarekin lotzea?

Arriskugarritasuna buru nahastearekin lotzea oker dago. Ikerketa kriminologikoen arabera, patologia mentalak dituzten pertsonek ez dute indarkeriazko kriminalitaterako joera handiagorik.  

Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Espainiako konfederazioak (FEAFES) proposatu du “arriskugarritasun” terminoa ondorengo azalpenarekin ordezkatzea: “arreta soziosanitario osoa eta egokia ez edukitzeagatik sortutako arrisku egoera”. Egokia deritzozu terminologia aldaketa hori egitea?

Arriskugarritasun kriminologikoaren kontzeptua erabat onartua dago zientzia penalean. Jatorri kriminologikoa duen termino hori, beharrezko zorroztasun zientifikoarekin erabiltzen denean, ezin dugu gaitzetsi. Ikuspegi horretatik, subjektuak etorkizunean delitu berriak gauzatu ditzakeelako pronostikoak oinarri sendoak behar ditu; hau da, baliotasun zientifikoa duten froga kriminologikoetan oinarritu behar du. Babes tekniko hori ez dagoenean, erabaki intuitiboak –eta beraz, zentsuragarriak- har daitezke. Horren ondorioz, patologia mentala duen pertsona batek delitu larria gauzatuz gero, automatikoki arriskugarritasuna aitortzera jo liteke. 

Nola ikusten duzu, segurtasun neurri moduan, egozgarriak ez diren pertsonak psikiatrikoetan epe mugagabez eduki ahal izatea?

Nire ustez, epe mugagabeko zigor penalak ez dira bateragarriak askatasunean oinarritutako zigor zuzenbidearekin. Segurtasuna ardatz duen zuzenbide penalaren berezko zigorrak dira, hain zuzen.

Halaber, buru gaixotasuna duten pertsonak zaintzapeko askatasun erregimenean jartzeko neurria jasotzen du proiektuak, gauzatu ere ez dituzten ekintzak ekiditeko. Zer diozu horri buruz?

Arriskugarritasun presuntzioan oinarritutako zaintzapeko askatasuna erremedio juridiko neurrigabea da. Baina neurri hori ezartzeko erabakia irizpen kriminologiko egiaztatuetan oinarritutako deklarazio judizialean oinarritzen bada, orduan justizia terapeutikoaren postulatuei erantzuten die.

 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.