Iñaki Subijanak esparru soziosanitarioa eta juridikoa elkar koordinatzearen alde apustu egin du

 

Gipuzkoako Auzitegiko Iñaki Subijana presidenteak uste du arlo soziosanitarioaren eta juridikoaren arteko kolaborazio estua landu behar dela, esparru bien beharrei ahalik eta modu egokienean erantzun ahal izateko. Otsailaren 12an Agifesen Ibiltzen Bentaberri zentroan eskainitako hitzaldi batean, Subijanak buru gaixotasuna duten pertsonen egozgarritasunari buruzko alderdi anitz aztertu zituen. 

 
Delituzko ekintza edo arau-haustea gauzatzerakoan buru gaixotasuna duten pertsonek eta euren senideek bizi duten egoera konplexua azaldu zuen adituak oso modu didaktikoan.
 
Subijanaren aburuz, ezinbestekoa da delitua egin duen pertsonaren behar terapeutikoak eta justizia konpontzailearen exijentziak bateratzea. Justizia mota horrek bizikidetzaren oinarrizko jarraibideak errespeta daitezen eta egindako kaltea konpon dadin bermatzea du helburu.
 
Hala ere, zehaztu zuenez, burututako ekintza ulertzeko gai diren pertsonei ezartzen zaie zigorra; hau da, egindakoa debekatua dagoela ulertzeko eta ulermen horren arabera jokatzeko gai direnei, hain zuzen. Hori dela eta, Zigor Kodeak ezartzen du pertsona batek anomalia edo asaldura psikikoren bat baldin badauka, edo ekintzen gaineko ulermen-gaitasun urria badu, bere egozgarritasuna mugatua dagoela, partzialki edo osorik. Kasu horietan, ordenamendu juridikoak erantzun ezberdina emango du, honako printzipio legala aplikatuz: “tratu bera kasu berdinei, tratu desberdina kasu diferenteei”
 
Testuinguru horretan da aplikagarria justizia terapeutikoa deritzona. Justizia eta Buru Osasun arloen koordinazio ahaleginen ondorio garbiena da duela hilabete gutxi inauguratutako Lege Psikiatria Unitatea. Arrasateko Aita Menni ospitalearen barne gauzatzen da Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Osasun eta Kontsumo zuzendaritzak, probintzia-auzitegiak eta Osakidetzak bultzatutako proiektu hori. Ekimenaren helburua da buru gaixotasun kronikoa daukaten eta prozesura judizial batean, batik bat penaletan, sartuta dauden pazienteei osasun arreta egokia eskaintzea. Egitura hori aurrendaria da espainiar Estatuan, helburu asistentzialari lehentasuna ematen baitio egungo espetxe-psikiatrikoek ez bezala. Gipuzkoan unitate hori edukitzeari esker, pertsona hauek Fontcalent-eko (Alacant) edo Sevillako presondegi-ospitaleetara lekualdatzea ekidin ahal izango da. Distantziak familia barruko loturak kaltetu egiten ditu eta errekuperazio prozesurako oztopoa da.
 
Aita Menniko unitate berezi horretan hamar pertsonarentzat lekua dago eta momentuz ez dago guztiz okupatua; izan ere, oso kasu berezietarako prestatua dago. Bertara bideratzeko, buru gaixotasuna edukitzeaz gain, egozgarritasun mugatua edo eza eduki behar du pertsonak. Gainera, justifikatu egin behar da pertsona hori ospitaleratu beharra dagoela, derrigorrean, tratamendu terapeutikoa emateko.
 

Barneratzea eta tratamendu anbulatorioa

Buru gaixotasunarekin diagnostikatutako pertsona batek delitua gauzatzen duenean oso garrantzitsua da Justiziari informazio osoa ematea, Iñaki Subijanak nabarmendu zuenez. Patologiari eta tratamenduari buruzko informazioa eskaintzea, pazienteak tratamenduarekiko erresistentziarik izan badu ezagutaraztea eta abar. Informazio horrekin guztiarekin hartuko du erabakia auzitegiak. Askatasunaz gabetzeko neurriren bat (barneratzea, adibidez) har dezake, edo bestelakoren bat (tratamendu anbulatorioa, esate baterako). Horrelako kasu baten aurrean, Gipuzkoako buru osasun sarea aztertuko litzateke pertsona hori barneratzeko leku egokirik badagoen behatzeko.
 
Auzitegiko presidenteak onartu zuen egungo sisteman badaudela hainbat gabezi: besteak beste, ez dago behin-behineko espetxealdi terapeutikoa, eta beraz epaia eman arte ezin da baliabide terapeutikoetara jo. 
 

Senideen eta zaintzaileen erantzukizuna

Kaltea jasan duen pertsona batek hori konpon diezaioten eskubidea duela nabarmendu zuen Subijanak, eta esparru horretan hartzen da kontuan senide, tutore eta egitatezko nahiz egitezko zaintzaileen erantzukizuna. Orokorrean, buru gaixotasuna duen pertsonaren ardura daukaten pertsonek exijentzia maila “altua” dute. Hala ere, ez zaie oharkabe izana egozten; aitzitik, zigorraren helburu bakarra anomalia psikikoa duen pertsonak burutako kalte bidegabea konpontzea da.
 
Testuinguru horretan, adituak bi alderdi uztartu behar direla jakinarazi zuen; batetik, pazienteak berriro deliturik ez egiteko segurtasun neurriak hartzeko beharra eta, bestetik, ikuspegi asistentziala. Justiziaren proportzionaltasuna eta kontrola areagotzeko apustu egin zuen Subijanak, baita tratamendu profesionalizatua, espezializatua eta gertukoa bultzatzeko ere. 
 
Galderen txandan, buru gaixotasuna duten pertsonen egozgarritasunari buruzko zalantza ugari agertu zituzten bertaratuek. Eztabaida interesgarria piztu zuen Fiskaltzaren eta Estatuko segurtasun indarren arteko koordinazioa sustatzeko beharrak: delitu edo arau-hausteren baten aurrean pertsona atxilotzera doazenean, prozesua ahalik eta modu egokienean gauzatu dezaten aldarrikatu zuten publikoko hainbat pertsonek. Bestalde, espetxeetan oraindik gabezia handia dagoela onartu zuen Subijanak: buru gaixotasuna duten presoei tratamendu terapeutiko egokia bermatzea da erronka nagusietako bat.   
 

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.