Jasan zuen depresioaren inguruko kontakizun hunkigarria eskaini zuen Edurne Pasabanek

Edurne Pasabanen mintzaldiak eta hainbat profesionalen zein sufrimendu psikikoa gertutik bizi duten pertsonen ekarpenak balio handia eman zieten urriaren 28an eta 30ean gauzatutako ‘Depresioa, suizidioa eta dolua’ jardunaldiei. Tolosako alpinistaren kontakizunak oso hunkituta utzi gintuen; izan ere, apaltasun eta eskuzabaltasun handiz, bere une txarrenak, suizidio saiakerak eta guzti, partekatu zituen bertaratuekin. Pasabanek bere ‘eskalada’ zailenean erakutsi zituen nekaezintasun eta adorea ere ikusi izan genituen.

Edurne Pasabanekin batera, bizipen pertsonal gehiago ere ezagutu genituen, eta jardunaldietan parte hartu zuten profesionalek hainbat jarraibide eta gako eskaini zizkiguten hain gogorrak diren momentuak ahalik eta hoberen eramateko. Pertsona batek bere buruaz beste egiteko ideia duela aitortzen duenean arreta emateko edo suizidio baten ondorengoko dolua hobeto kudeatzeko aholkuak eman zizkiguten, besteak beste.   

Donostiako udalbatza-aretoan burutu ziren jardunaldiei Eneko Goia alkateak eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako diputatuak eman zieten hasiera. “Agifesen lana oso beharrezkoa da”, ziurtatu zuen Goiak, eta gure erakundeak egiten duen lana goraipatu zuen. Gainera, depresioaren eta suizidioaren inguruan dagoen estigmari eta isiltasunari aurre egitearen alde apustu egin zuen alkateak. “Gizarte barneratzaileago bat lortzea guztion erronka” dela iradoki zuen Maite Peñak, eta erakundeen eta hirugarren sektoreko entitateen elkarlana txalotu zuen. 

 

‘Zure harremanik zailena’

Joan den urtean Donostiako udaletxean burututako ‘Depresioa eta estigma’ jardunaldien arrakastaren eta depresio kasuen kopuruak jasan duen gorakadaren ondorioz, 2019. urte honetan ‘Zure harremanik zailena’ kanpaina jarri dugu martxan. Izan ere, depresioak Euskadin gizonezkoen % 9ri eta emakumezkoen % 17ri eragiten dio, eta kanpainak xede du pertsona horiek ahaldundu eta laguntza bila dezaten bideratzea. Halaber, depresioa sufritzen ari diren pertsonei bideratutako hainbat tailer prestatzen ari gara.
 
Ildo beretik eta pertsona talde honekiko arreta sendotzeko asmoz, ‘Hurbildu’ programa abiarazi dugu. Horrekin, gizarte-langileen, medikuen, larrialdi-teknikarien, erizainen eta Itxaropen Telefonoko langileen bitartez, besteak beste, sufrimendu psikikoa jasaten duten pertsonengana iritsi nahi dugu. Gizarte-eragile horien lankidetzak depresio sintomak edota bestelako sufrimendu psikikoa pairatzen ari diren eta laguntza behar duten pertsonak hautematea ahalbidetuko du. Era berean, 2020. urtetik aurrera sintomatologia depresiboa duten pertsonei tailerrak, sostengu-taldeak eta bakarkako arreta psikologikoa eskainiko zaizkie.
 
Lehenengo jardunaldia Andrea Gabilondo psikiatraren hitzaldiarekin hasi zen. Euskadiko Suizidioa Prebenitzeko Estrategia aurkeztu zuen, eta geroz eta kezkagarriagoa den arazo bati aurre egiteko gomendagarriak diren esku-hartze jarraibideak erakutsi zituen. Gainera, kasuak detektatzeko eta pertsona horiek artatzeko sistemak hobetzearen alde agertu zen, eta senideei arreta egokia ematea ezinbestekoa dela adierazi zuen. Horrez gain, gogorarazi zuen Osakidetzak eguneko 24 orduetan arreta zerbitzua eskaintzen duela. 
 
Ondoren, Edurne Pasabanek bere kirol ibilbidearen errepasoa egin eta munduko 14 zortzimilakoak igo dituen lehenengo emakumea izatera nola iritsi zen azaldu zuen. “Kirolean arrakasta duten pertsonek oso bizitza polita dutela uste ohi dugu, baina horren guztiaren atzean ezkutatzen den sufrimendua ez dugu ikusten”, adierazi zuen. K2 mendiaren jaitsiera oso gogor baten ondorioz bi anputazio jasan zituen eta depresioa  larriagotu egin zitzaiola aitortu zuen: “Bizitzan zer egin nahi nuen galdetzen hasi nintzen nire buruari. Lagun guztiek familia, seme-alabak eta abar zituzten, baina ni menditik bueltatu eta bakarrik nengoen. Bikotekideak utzi egin ninduen eta zulo beltzera erori nintzen. Baina urte batzuk pasa eta gero, terapiari esker jakin nuen sustraiak oso atzetik zetozela”. 
 
Oso gertukoa izan zen Edurne, eta maitasunez beteriko hitzak eskaini zizkigun. Kontatu zuenaren arabera, gehien sufritzen ari zen unean hauteman zuten hoberena ospitaleratzea zela. “Niri asko lagundu zidan, medikazioak bezala”. 
 
Depresioaren inguruan naturaltasunez hitz egitea beharrezkoa dela uste de Edurne Pasabanek, eta desoreka hau jasatearen sintomak ageri dituzten nerabeen inguruko kezka ere adierazi zuen. Dena den, depresioa duen pertsona bati edo bere senide bati laguntzea oso zaila dela aitortu zuen. “Nik neuk, nire esperientziaz baliatu naitekeela, batzuetan ez dakit depresioa duten pertsonak nola lagundu”. Gomendio orokor bezala, “profesionalen laguntza izatea” oso garrantzitsua dela baieztatu zuen. 

 

Suizidioa eta dolua

Asteazkeneko jardunaldia, urriaren 30ekoa, Bidegin elkarteko lehendakari eta erizain Izaskun Andonegiren hitzaldiarekin hasi zen. Senideen doluaz eta suizidioaren inguruko mitoez hitz egin zuen adituak, eta suizidio baten ondoren senideek izaten duten erruduntasun sentimenduaz ere mintzatu zen. Gogorarazi zuen senide batek bere buruaz beste egin duela ikustea existitzen diren eragin psikologiko gogorrenetarikoa dela, eta horren inguruan lan egiten duten profesionalak ondo prestatzea gomendatu zuen,  “momentu horien kudeaketak dolua jasaten duen pertsonaren bizipena guztiz aldatuko duelako”. Gainera, suizidioaren gaiaz hitz egitea defendatu zuen, baita komunikabideetan ere, senideei gizarte-babesa emateko eta faltsuak diren mitoei zilegitasuna kentzeko.  
 
Belen Peralesen hitz hunkigarri eta ausartekin amaitu zen jardunaldia. Depresio baten ondorioz suizidatu zen bere ama, eta horren berri jakiterakoan nola erreakzionatu zuen azaldu zuen Belenek. Berez, “euren buruaz beste egin nahi duten pertsonek azaltzen dituzten aurretiko seinale guztiak erakutsi zituen amak”, baina egingo ez zuela espero zuen barru-barrutik alabak. Larrialdi eta segurtasun-indarrekin minduta agertu zen Belen, une gogor horietan sentikortasun nahikorik ez adierazteagatik, baina aitortu zuen dolua hobeto eramateko oso lagungarria egin zitzaiola Bideginera gerturatzea. “Negar egiteak asko lagundu ninduen, baita nire beharrak hitzez adierazteak ere ondokoen babesa jaso ahal izateko”. Senide baten suizidioagatik doluan daudenei aholkatu zien “antzeko egoera pasatu duten pertsonak bilatzea”, oso lagungarria izango zaielako haiekin hitz egitea. “Datorkigun laguntza onartu behar dugu”, erantsi zuen.