Maite Mendiguren, Karabelekoko erabiltzailea: «Naturan egotea terapeutikoa da»

Karabelekora etorri aurretik Agifesen zentro batean egon zinen. Nola iritsi zinen elkartera?

Agifesera duela sei urte iritsi nintzen Donostiako psikiatrikotik Ibiltzen Bentaberri zentrora bideratu nindutenean. 24 urterekin eskizofreniarekin gaixotu nintzen eta, ondorioz, depresio sakonean ere erori nintzen. Urte asko eman nituen etxetik ia atera gabe, segurtasun falta handia nuelako eta jendearen beldur nintzelako. Bentaberriko zentroan gauza asko ikasi nituen: erlazionatzen, irekiagoa izaten eta medikazioa ongi hartzen. Bizitza asko aldatu zait ordutik. Morala oso baxu nuen iritsi nintzenean, isil-isilik egoten nintzen, beldurrez, eta orain beste animo batekin nago. 

Agifesen ikasi duzun zerbait azpimarratuko al zenuke?

Batez ere, lan-mundurako esperientzia baliotsua eskuratu izana eskertzen dut. Lanerako ohiturak hartu ditut, ordutegi finkoa, errutina bat… Niretzat hori dena oso ona da eta familiak ere oso ondo hartu du aldaketa. Gainera, Agifesetik Gureakera bideratu naute eta piezen muntaia egiten ikasi dut Zarautzen egin dudan ikastaro
batean. Horri esker, Gureaketik edo Karabelekotik lan-kontratua lortzea espero dut.
 
Horrez gain, sei urteotan ikasi ditudan gaitasun sozialak ere oso garrantzitsuak dira niretzat. Asko ireki naiz, lagunak egin ditut, beldur gutxiago dauzkat eta nire buruarengan konfiantza handiagoa dut. Familiarekin eta lehengo lagunekin dudan harremanak hobera egin du, herrian lagun berriak ezagutu ditut eta orokorrean askoz hobeto sentitzen naiz.

Nola hasi zinen Karabelekon eta nola baloratzen duzu bertan lan egitearen esperientzia?

Bentaberriko zentrotik proposatu zidaten Karabelekora etortzea duela hiru urte. Hasieran, astean behin, gero bitan, eta denborarekin egunero etortzen hasi nintzen, astelehenetik ostiralera. Orain ez dut kontraturik, baina 2015eko udan bi hilabetez egon nintzen lanaldi erdian.
 
Karabelekora iritsi aurretik ez nuen inongo jakintzarik, baina hiru urtez, pixkanaka, barazkiei eta loreei buruzko gauza asko ikasi dut. Esperientzia ona da eta familia ere gustura dago. Ahizpak etortzera animatzen nau, badakielako mesede egiten didala.

Nolako jarduerak egiten dituzue Karabelekon?

Denetarik: hazitegiak prestatu, barazkiak landatu, jaso eta garbitu, otarrak egin, belar txarrak kendu, konposta egin... Bestalde, bazkaria prestatzen dugu egunero eta etxaldean bertan jaten dugu. Eskoletatik bisitan etortzen direnean ere, Karabelekon egiten dugun lana azaltzeaz arduratzen gara.

Beharra duen norbaiti gomendatuko al zenioke baratzeterapian hastea?

Egia esan, bertan oso ondo pasatzen dugu eta barre asko egiten dugu. Buru gaixotasuna duten pertsonentzat oso ona dela iruditzen zait, motibazioa ematen dielako eta naturan egotea terapeutikoa eta osasuntsua delako. Norbere buruarekiko konfiantza eta gaitasun sozialak lantzen, baratzean trebatzen, lagunak egiten eta jendearekin irekitzen laguntzen du.