Nerea Zubiaur: «Buru nahasmenduaren eta ongizatearen arteko muga aldakorra da»

Agifeseko psikologo Nerea Zubiaurrek buru osasunaren garrantziaren inguruan aritu zen eta ondoez psikikoa identifikatzeko gakoak eskaini zituen apirilaren 16an Urretxun emandako hitzaldian. ‘Eta zure buru osasuna? Zaindu ezazu’ izenburupean, psikologoak osasunaren ikuspuntu integrala defendatu zuen, alderdi fisikoa, mentala eta soziala kontuan hartuz. Era berean, Zubiaurrek ondoez emozionala hautemateko eta laguntza eskatzeko zailtasunak aztertu zituen, baita oreka emozionala eskuratzeko jarraibideak eskaini ere.
 
“Zailtasun handiak ditugu ondoez psikikoaren aurrean laguntza eskatzeko, eta ondoez hori adierazi eta profesional batengana jotzeko”, azpimarratu zuen. Alarma seinaleen aurrean arreta jartzea aholkatu zuen, gaixotzen ari garela iragarri baitezakete ondorengo sintomek: suminkortasuna, animo baxua edo tristura, isolamendua, urduritasuna edo ezinegona, larritasuna, buruko mina, insomnioa, muturreko nekea, tripako mina… Seinale horien aurrean laguntza eskatu beharko genuke: lehenik eta behin, familiako medikura joaten, eta horren bitartez, buru osasuneko espezialistarengana. Bestalde, Agifesen gisako elkarteetara jotzea ere gomendatu zuen psikologoak.

 

Aholkuak

Oreka emozionala lortzeko jarraibideak ere eman zituen Zubiaurrek. Emandako gomendioen artean, gure sentimenduak adieraztearen garrantzia nabarmendu zuen, era egokian eta emozioek geure hitzak kontrola ditzaten utzi gabe; “pilotu automatikotik irteteko” atsedenak hartzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen; “gorputza eta burua hornitzen dituen elikadura” zaintzea; gozarazten gaituzten aisialdi ekintzetan parte hartzea; geure burua ondo tratatzea eta geure buruarekin gupida izatea, “akatsak onartzea eta norbere burua barkatzea”; eta pertsonalki aldatu dezakegun horretan arreta jartzea, gure kontroletik kanpo dagoena aldatzen saiatu gabe.
 
Bukatzeko, Zubiaurrek ongizatea bilatzera eta norabide horretan lan egitera animatu zituen bertaratuak. Izan ere, “buruko osasun arazoei aurre egiteko erremintak jasotzeko ahalmena denon eskura dago”.