Zaintzaileak paziente ez bihurtzeko jarraibideak

“Ezinbestekoa da buru gaixotasuna duten pertsonen senide eta zaintzaileek euren burua zaintzea; izan ere, hori egin ezean, buru nahasmenduak gara ditzakete, esate baterako, depresiboak”, jakinarazi zuen Yolanda Iglesias Agifeseko psikologoak, maiatzaren 7an Eibarren eskainitako hitzaldi batean.

Buru gaixotasuna sortzen denean senideen arteko harremanak aztoratu egiten dira kasu askotan. Adituak aditzera eman zuenez, kulpa, beldur, baztertze eta ekidite sentimendu eta jarrerak agertu ohi dira, baita gaixotasuna duen senidea babesteko nahia indartu ere. Horrelako jokabideak maiz gertatzen dira, buruko gaitzak oraindik ere oso ezezagunak baitira pertsona askorentzat. Estigmak, gainera, familia asko atzera botatzen ditu laguntza eskatzeko garaian, euren arazoak azaldu eta epaituak izateko beldurra baitaukate, Iglesiasek baieztatu bezala.

Zaintzailearen sindromea
Zenbaitetan, zainketa-harremanak erabat xurgatzen duenean zaintzailearen denbora, azken horrek ‘Zaintzailearen sindromea’ gara dezake. Tratamendu psikologikoa behar duen nahasmendu horren ondorioz, artatutako pertsonarenganako gorrotoa sentitzen du zaintzaileak, eta kulpa sentimendu bortitza eragiten dio horrek. Agifeseko psikologoak azpimarratu zuen norbere burua zaintzeko esfortzua egin behar dutela zaintzaileek horrela arazoak ekidin ahal izateko.

Norbere burua zaintzeko estrategiak
Zentzu horretan, garrantzitsua da norbere burua ez errudunestea. “Gogoan izan behar dugu buru gaixotasuna ez duela inork aukeratu, ez gaixoak eta ez familiak, eta, beraz, inork ez duela errurik”, nabarmendu zuen hizlariak. Era berean, ezinbestekoa da zaintzaileek mugak jartzen ikastea eta “ez dagokizkien ardurak ez hartzea”.

Zaintzaileari komeni zaio “beren autoestimuari mesede egiten dioten eta aberasten dioten pertsonekin elkartzea, eta egunero beretzako denbora librea hartzea; gustatzen zaizkion ekintzak egiteko, deskantsatzeko edota deskonektatzeko”. Horrez gain, funtsezkoa da “bakarrik ez egotea eta beste pertsona batzuekin hitz egin eta denbora partekatzea”, iradoki zuen Agifeseko arduradunak. “Egoerak gainditzen gaituenean laguntza profesionala eskatzea” ere oso garrantzitsua dela erantsi zuen.

Senidearekin komunikatzeko moduari dagokionez, “hobe da gatazka egoeretan oldarkeria baztertzea, liskarra baretu dadin; eta jarrera kritikoak ere ekidin egin behar dira”, ohartarazi zuen Iglesiasek.

Bizitzaz gozatu ahal izateko bide gisa, “bizi ditugun egoeren alderdi baikorra berreskuratzera eta maiz gainean daramagun lauza kentzera” animatu zituen bertaratuak Iglesiasek.

Buru gaixotasuna duen pertsonaren autonomia
Yolanda Iglesiasek behin eta berriz errepikatu zuen buru gaixotasuna duten pertsonak “osatu eta bizitza normalizatua eraman dezakeela, lanaz, familiaz eta bizitza sozialaz gozatuz. Horrek ez du esan nahi sintomak desagertuko direnik, baina bada posible horiek egon arren bizi-kalitate on batez disfrutatu ahal izatea”. Adituak onartu zuen estigmak sendatze prozesu horretan eragin gehien izan dezakeen faktoreetako bat dela.

Bestalde, familiarteko ugarik buru osasun arazoak dituen senideari gehiegi babesteko joera daukatela ohartarazi zuen Agifeseko psikologoak. “Egia da gaixotasun mentalak pertsonaren eguneroko bizitza eralda dezakeela, baina jakin behar dugu horrek ez duela adimenean eraginik; beraz, gaitza daukaten pertsonek, euren gaitasunen arabera, erantzukizunak har ditzaten ahalbidetu eta sustatu behar dute zaintzaileek”. Ildo horretatik, Yolanda Iglesiasek aipatu zuenez, “probetxuzko pertsona sentitzea, gauza txikietan bada ere, ezinbestekoa da autoestimua garatzeko eta, horrenbestez, osatze prozesuan aurrera egiteko”. Paziente helduei erreferentzia eginez, “pertsona heldu gisa tratatu, euren bidea aukera dezaten ahalbidetu eta ardurak hartzen joan daitezen bultzatu” behar zaiela komentatu zuen adituak, “bizitza normalizatua” lortu ahal izateko.

Halaber, Iglesiasek aitortu zuen gaixotasunaren ondorioz pertsona asko isolatu eta etxean geratzen direla, eta hori hobera egiteko traba dela. Hortaz, kalera irten eta jarduerak egiteko anima ditzaten aholkua eman zien adituak senitartekoei, horrelako ekintzek gogo-aldartea hobetzen eta gizarteratzen laguntzen baitute. “Bizitzan ez da inor bakardadean osatzen”, adierazi zuen.

Gehitu iruzkin berria

Plain text

  • No HTML tags allowed.
  • Web gune eta posta helbideak lotura bezala agertuko dira automatikoki.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
Image CAPTCHA
Enter the characters shown in the image.