Albisteak

2011/09/11

Agifesek ‘Solo’ dokumentalaren inguruko bederatzigarren bideoforuma eskainiko du Tolosako kultur etxean datorren asteazkenean, irailak 14, 18:30ean, ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatu duen proiekzio zikloaren barne. Eskizofreniaren ikuspegi itxaropentsua eskaintzen du Vicente Rubio zuzendari eta protagonista duen film horrek, eta Gipuzkoa osoko udalerri ugaritan ikusi ahal izan da ekainetik. Zikloa hil honetan amaituko da, Azkoitiko eta Orioko saioen ostean, irailaren 21 eta 28an hurrenez hurren. Agifeseko arduradunek zuzenduko dituzte saioak eta sarrera doanekoa da.
2011/08/24
Kepa Junkera musikari ezagunak Ainhitze Larrañagarekin solas egiten du bideoan. Beñat anaiaren eskizofreniari aurre egin behar izan dio urte luzez gazte zumaiar honek, senide gertukoenekin batera. Agifes, bere 25. urteurrena dela eta, garatzen ari den ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren zazpigarren ikus-entzunezkoa da hau.
2011/08/17

Donostiako 72. Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika zikloa entzule ugari erakartzen ari da, eta kontzertu horietako sarrerekin lortzen den dirua Agifesesi emango dio antolakuntzak. Lehenengo bi saioak -Santa Teresa komentuan eta San Telmo museoan- jendez gainezka zeuden, eta bertaratu asko Agifesekin interesatu dira. Informazio stand batekin parte hartzen ari da elkartea musika emanaldi horietan.
2011/08/12

Grabitatearen teoria sortu zuen Isaac Newtonek, Mozart eta Beethoven musikariek eta Einsten berak ere nahasmendu bipolarra zuten; pinturaren maisu Van Gogh-ek psikosia pairatu zuen; eta eboluzioaren teoriaren aitak, Darwinek, izuaren nahasmendua zuen. Galiziako Avelaiña elkarteak landutako bideo honek adibide gisa jartzen ditu gizateriaren historiako pertsona azpimarragarrienetako batzuk, buruko gaixotasuna sufritu arren gizarteari ekarpen handia egiteko gai izan zirenak.
2011/08/08

Donostiako Musika Hamabostaldiak laguntza ekonomikoa emango dio aurten Agifesi; 72. edizio honetan biltzen duen diruaren zati bat, hain zuzen ere. Zehazki, Antzinako Musika zikloko emanaldietako sarreren bitartez lortzen den diru kantitatea osorik jasoko du elkarteak.
2011/08/07

Agifeseko bi kidek 'Solo' dokumentalaren inguruko solasaldi batean parte hartu zuten Euskadi Irratiko Faktoria saioan, uztailaren 29an. Beñat Gabiña Larrañagak eta Amaia López Amenabarrek eskizofrenia dute, eta filmari buruzko iritzia eta euren esperientzia partekatu zituzten entzuleekin. Arrakasta handia izan zuen saioak, arduradunek aditzera eman digutenez, pertsona ugarik deitu baitzuen Euskadi Irratira Agifeseko kideen adorea azpimarratzeko.
2011/07/22
Agifesek ‘Solo’ dokumentalaren inguruko bideoforuma eskainiko du Zarauzko kiroldegian (Araba kalea 20, 2. solairua) datorren ostiralean, uztailak 29, 18:30ean, ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatu duen proiekzio zikloaren barne. Eskizofreniaren ikuspegi itxaropentsua eskaintzen du Vicente Rubio zuzendari eta protagonista duen film horrek, eta Gipuzkoako zenbait udalerritan proiektatzen ari da ekainetik. Abuztuko atsedenaren ondoren, irailean jarraituko dute bideoforum saioek. Zarauzkoa zortzigarrena izango da, Agifeseko arduradunek zuzenduko dute eta sarrera librea da.
2011/07/15
Agifesek ‘Solo’ dokumentalaren inguruko bideoforuma eskainiko du Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean datorren asteazkenean, uztailak 13, 18:30ean, ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatu duen proiekzio zikloaren barne. Eskizofreniaren ikuspegi itxaropentsua eskaintzen du Vicente Rubio zuzendari eta protagonista duen film horrek, eta Gipuzkoako zenbait udalerritan ikusi ahal izango da iraila bitartean. Lasarte-Oriako saioa zazpigarrena da. Agifeseko arduradunek zuzenduko dute eta sarrera librea da.
2011/07/12

Pasa den ekainaren 8an, Vicente Rubioren Solo dokumentala proiektatu zen Aquariumean. Proiekzio honetan Vicente Rubiok bere bizipenak kontatzen ditu. Bertaratu zirenak, ehun pertsona inguru, hunkitu egin ziren film honek jasotzen dituen eskizofreniarekin loturiko esperientzia pertsonalekin. Saioa berezia izan zen, gainera, batik bat Agifesen erabiltzaile eta familiarrei zuzendua zegoelako.
2011/07/12

VICENTE RUBIO, 'SOLO' DOKUMENTALAREN ZUZENDARI ETA PROTAGONISTA
Vicente Rubiok (Villena, Alacant, 1971) amets bat zuen: bere bizitzako maitasuna aurkitzea. Atsedenik gabe ekin zion bilaketari, eta topatu zuen. Baina aldez aurretik barne erromesaldi gogor bat pairatu behar izan zuen. Fantasia mesianikoek harrapatu zuten, errealitate fisikoarekin kontaktua galdu zuen eta eskizofrenia paranoidearekin aurrez aurre kausitu zen. 'Solo' (2010) dokumentalean bere bizipena kontatzen du: hondoratzea eta berpizkundea.

Elkarrizketa irakurri (gaztelaniaz)

Orriak