Datorren maiatzaren 25ean, asteazkena, ‘Que nadie camine por mi mente con los pies sucios’ antzezlana proiektatuko da, Agifesek Irunen antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum zikloari amaiera emateko.

Ados Teatroa eta Acronica Producciones konpainiek ekoiztutako obra Giza Eskubideak Eszenara programaren baitan dago. Arte eszenikoak gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen ditu programak, eta kasu honetan, buru osasun arazoek duten estigmaren inguruan hausnarketa egitea da lanaren helburu. Buru nahasmendua duten pertsonekin batera sortutako antzezlana da, eta diagnostikoa duten pertsonek, gainera, aktore lanak egiten dituzte bi aktore profesionalekin eta musikari batekin, psikiatra batekin eta psikiatrian espezializatutako erizain batekin.

Ikuskizuna 19:00etan hasiko da Irungo Amaia Kultur Etxean eta, ondoren, antzezlanaren ordezkariekin solasaldia egingo da, buru osasun arazoek gure gizartean eragiten duten estigmari buruz sentsibilizatzeko.

Agifesek ekimen honen bi edizio antolatzen ditu urtero, jende ugari erakartzen baitu hitzorduak: bata finkoa, Donostian; eta bestea, ibiltaria, Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Jada saio bana hartu dute Eibarrek, Zarautzek, Bergarak eta Errenteriak. ‘Buru osasunaren zaindariak’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.

Sarrera doan da eta gonbidapenak Irungo Turismo bulegoan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, asteazkenetik aurrera.