Askatu zeure burua (2011)

Gure 25. urteurrena ospatzeko landutako kanpainarekin, 'Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu' lelopean, geure aurreikuspen guztiak gainditu genituen. Sare sozialei eta hedapenarekin lagundu ziguten elkarte eta pertsona askori esker, Gipuzkoako mugetatik haratago iritsi zen gure mezua.  

Gure kolektiboarekiko aurreiritziak eta beldurrak baztertzeko helburuarekin, gizarteari jakinarazi nahi genion buru gaixotasuna duten pertsonek euren eritasunarekiko kontzientzia maila altua izatera iritsi daitezkeela eta, terapiak eta botikek lagunduta, euren egoera kontrolatzera eta bizitza normalizatua izatera hel daitezkeela. Horrela, gizarteari gonbita luzatu genion pertsona hauengana gerturatzeko eta eurei entzun eta merezi duten espazioa eta errespetua eskaintzeko.

Pertsona famatuekin egindako bideoak

BIDEOAK IKUSI

Kanpainaren muina hilabetero plazaratu genituen bideoak izan ziren. Horietan gure elkarteko erabiltzaile eta senideek parte hartu zuten, pertsona famatuekin batera. Ikus-entzunezko horietan hilabete horretako bi protagonistek izandako solasaldiaren laburpena egiten genuen. Biak konfiantzazko giro batean murgildu eta lasaitasunez hitz egiten zuten buru nahasmendua zuen pertsonaren edo senidearen esperientziaren inguruan. Horrela, gaixotasun mentala duen pertsona edo senide batengana gerturatu eta, naturaltasunez, bere esperientziarekiko interesa azaltzen duen pertsonaren papera bereganatzen zuen pertsonaia ospetsuak. Modu horretan, kolektibo honi entzutearen garrantzia transmititu nahi genuen, eta gainontzeko pertsonek dauzkaten kezka eta amets berberak dituztela erakutsi.

Hain esperientzia pertsonala jendaurrean aurkeztea zaila zela jakinda, partaide bakoitza ahalik eta erosoen sentiarazi nahi genuen grabaketan. Eta emandako pauso handi horren ordainsari gisa, gustukoen zuten pertsona ospetsuarekin elkartzen saiatzen ginen. Ez zen lan erraza izan, baina lortu genuen boluntario askoren ametsak betetzea.

Gainera, bideo bakoitzean gaixotasun jakin bat edo buru osasunaren inguruko alderdiren bat lantzen genuen bereziki. Horrela, mito ezberdinak hausteaz gain, komunikabideentzako material erakargarria sortu genuen, hilabetero gai jakin bat jorratzeko proposamenak egin baigenizkien. Modu horretan, 350 albiste inguru bildu genituen hedabideetan.